Sarrigurengo hilketa matxista salatu dute

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 23a

Herritarrak eta udal ordezkariak Plaza Barrixan, gaur iluntzean, astelehena.

Gaur iluntzean, astelehena, 80 bat herritar elkartu da Soraluzeko Plaza Barrixan, joan den otsailaren 20an, Sarrigurenen izandako hilketa matxista salatzeko. Soraluzeko Udalak deitutako elkarretaratzean, hiru zinegotzi emakumezkok eutsi diote Emakumeen aurkako indarkeriarik ez zioen pankartari. Halaber, elkarretaratzea deitzeaz bat, emakumearen hilketaren aurrean "gaitzespen irmoa" plazaratu du Udalak adierazpen bitartez.

Adierazpenean azpimarratu dute 2026ko lehen hilketa matxista ez dela “kasu isolatu bat, arazo estruktural bat”baizik, eta heriotzek “emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez dutela agerian uzten eta arazo horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun estrukturalean dagoela”. Nabarmendu du ere “arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik”. 

Horrekin batera, besteak beste, indarkeria matxista pairatzen ari denari edo inguruan egoera hori bizi duen norbait duenari begira, laguntzarako kontaktuak ekarri ditu gogora:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ):  900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
  • Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
  • Udaltzaingoa: 943753024
  • Ertzaintza Bergara: 943534720
  • Larrialdiak: 112
  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56
  • Soraluzeko Berdintasun saila:berdintasuna@soraluze.eus 
Erlazionatuak