Gaur hasi eta hiru egunez luzatuko den grebaren bitartez, “lan baldintza duinak” aldarrikatu nahi dituzte EAEko eskola publikoetako jangeletako langileek. Zehazki, ratioak jaistea eskatzen dute, soldatak igotzea KPIaren gainetik eta soldatei 2024ko urtarriletik dagozkien igoerak aplikatzea, eta gutxieneko kontratazioak berrikustea, besteak beste.
Greba egiteaz gainera, mobilizazioak ere deitu dituzte. Gaur, Bilbon egingo dute manifestazioa. Bihar, 12:00etan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren hiru hiriburuetako lurralde ordezkaritzen aurreetan elkarretaratzeak egingo dituzte eta etzi, “elkarretaratze masiboa” Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Bilbon.
Zerbitzu minimoekin
Soraluzen, Plaentxi Eskolako zein Soraluze BHI Institutuko langileek bat egin dute grebarekin eta bi kasuetan, jangela zerbitzuak bermatuko badira ere, zerbitzu minimoekin jardungo dute eta eragina izango du grebak. Zerbitzu minimoekin lotuta, sindikatuek salatu dute “gehiegizkoak” direla.
Plaentxi Eskolaren kasuan, Gasca enpresak eskaintzen du jantoki zerbitzua. Gurasoei jakinarazi diete grebak “eragin zuena eta handia” izango duela, izan ere, eskolako jantokian 160 bat ikaslek bazkaltzen dute.
Era berean, zerbitzuaren funtzionamenduari dagokionez, lehentasun batuk ezarri dituzte, garraiodunak, bekadunak eta adinaren araberakoak. Plaentxi Eskolako bazkaltiarren kasuan, bekadunak eta adinaren araberakoak hartu behar dituzte aintzat, garraiodunik ez baitago.
Eskolako zuzendari Eider Varelak esplikatutakoaren arabera, gaurkoa izango da egunik zailena eta ikusiko dute zelan moldatzen diren, baina dagoeneko hartu dituzte zenbait neurri, esaterako, berrerabiltzeko platerak-eta erabiliko dituzte. Halaber, jakin badakite ere, ohi baino bazkaltiar gutxiago bertaratuko direla.
Hori bai, 4. eta 5. mailakoak Institutuko jantokira jaisten dira bazkaltzera, baina horretarako bi lagun behar direnez, egunotan ezin izango dira jaitsi eta eskolan moldatu beharko dira.
Soraluze BHI Institutuaren kasuan, berriz, langile bakarrak dihardu bertan eta bera da gutxieneko zerbitzua. Institutuan 14 ikasle inguruk bazkaltzen dute jantokian.