Bestelako ezustekorik ezean, laster erabilgarri izango dira berriro ere Baltegieta 18-24ko 90 garajeak. Atzo, martitzena, arratsaldean bukatu zituzten ur-beltzen filtrazioa konpontzeko lanak, hodi orokorra aldatuta. Gaur, berriz, goizetik ari dira garajeetara sartutako ur-beltzak ateratzen, eta, gero garbiketa-lanak egingo dituzte. Lanok bukatuta, berriro ere izango dira autoak barrura sartzeko moduan.
Horrekin lotuta, Udalak jakinarazi zuen SAPAko aterpeak behin-behineko aparkalekua izateari lagako diola eta ibilgailuak bertatik atera beharko direla biharko, eguena, 08:00etarako.
Bi hilabete garajetik kanpo
Urtarrilaren 19tik daude garaje horiek erabili ezinda, lehenengo Baltegietako galtzada-harriak birjartzeko lanengatik eta ondoren, ur-beltzen filtrazioarengatik. Lehenago ere, azaroan, erabili ezinda ibili ziren, obrengatik. Garajeak itxita izan diren tartean, herrian igarri da aparkaleku gutxitzea, azken batean 90 ibilgailu egon dira-eta garajetik kanpo; hori horrela, pentsatzekoa da datozen egunotan arinduko dela aparkaleku gabezia.