“Hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren” aurrean, ezkerreko alderdiei “ekimen politikoa” sustatzeko eskaera egin die ELA sindikatuak. Zehazki, EH Bilduri eta Podemosi eskatu die hiruko bilera bultza dezan, Diputazioa ere inplika dadin gatazka horren konponbidean.
ELA sindikatuaren arabera, “enpresek bitartekari huts gisa jokatzen dute Aldundiak finantzaketa, ratioak eta zerbitzuaren baldintzak ezartzen dituen sektore batean, baina ez dio mugarik ezartzen lan-prekarizazioari”.
ELAk jakinarazi duenez, “ELAk deitutako Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) egindako bileran, EAJk ez du parte hartu beharrezkoa ez zela iritzita, PSEk ez zion deialdiari erantzun eta PPko batzarkideek desenkusatu egin zuten”.
Lan baldintzak "okerrera"
Lan-baldintzekin lotuta, berriz, okerrera egin dutela salatu du sindikatu abertzaleak. Dioenez, “langileen ia erdiek borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte, eta soldata-arrakala 10.000 eurotik gorakoa da urtean”. Hori horrela, “funtsezko” ikusten du “kontratazio-ratioak, lan-baldintzak eta genero-arrakala” gaiak lantzea.
Aldarrikapen horiek mahai gainean, gaur eta bihar egingo duten grebarekin batera, mobilizazioak ere iragarri dituzte, bai sindikatuak berak deituta eta baita ere, Gipuzkoako Senideak elkarteak deituta.
Azken horiek, zapaturako deitu dute manifestazioa, 12:00etan Donostian. Egoiliarren senideen elkarteak ere eskatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartekaritza gatazka bideratzeko. Halaber, greba egingo duten hainbat langile Donostiako Emakumeen Etxean entzerratuko dira gaurtik zapatura bitartean, eta zapatuan, bat egingo dute senideen protestarekin.
ELA sindikatuak gogora ekarri duenez, “greba mugagabean dauden egoitzek 100 eguneko lanuztea gainditu dute.

Bestalde, asteon, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak elkartasuna erakutsi die protestagileei.