Sorako sei ekipok etxean jokatuko dute asteburuan

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 27a

Hitzorduz betetako asteburua dute datorren hau Sora Futbol Taldeko ekipoek, oraingo honetan, guztiek baitituzte jardunaldiak. Hamar taldeetatik seik jokatuko dute etxean, Kadete biek, Infantil biek eta Alebin eta Benjamin banak. Nagusiek, berriz, kanpoan dute hitzordua, Lasarten, hango Texas taldearen kontra. Igoera fasean, lider doa herriko taldea, bigarrenarekin berdinduta.

Sailkapeneko gorenean dagoela jokatuko du Sorako Erregional mailako taldeak asteburu honetako norgehiagoka, etxeko taldea lider baita 11 punturekin, bigarren doan Antigua-Luberrirekin berdinduta. Domekan, berriz, 11:30ean dauka partidua, Lasarten, hango Texas taldearen kontra; lasartearrak 13. doaz sailkapen orokorrean.

Orain arte, Igoera fasean, bost jardunaldi jokatu ditu Soraren lehen taldeak. Hiru irabazi eta bi berdindu egin ditu, tartean, joan den asteburuan etxean Oiartzunen kontra jokatutako partidua, bana egin baitzuen, Markel Gustinoren golari esker (bideoan). Urtarrilaren amaieran hasi zuen Igoera faseko txapelketa. 15 jardunaldi ditu guztira, eta, maiatzaren 17an da azkenekoa.

Sorako gainerako taldeei dagokienez, berriz, seik Ezoziko futbol zelaian jokatuko dute asteburu honetan, beraz, futbolez betetako bi egun datoz. Hona hemen karteldegia:

Zapatua

  • 10:00 Infantil B: Sora-Mutriku
  • 12:00 Kadete Lehen Maila:  Sora-Ordizia
  • 18:00 Jubenilak: Idiazabal-Sora

Domeka

  • 09:00 Benjamin 2: Sora-Aloña
  • 10:00 Alebin 2: Mondra-Sora
  • 10:30 Alebin 1: Sora-UDA
  • 11:30 Erregionalak: 11:30 Texas-Sora
  • 12:30 Infantil A: Sora-Tolosa
  • 13:00 Benjamin 1: Mondra-Sora
  • 16:30 Kadete Gorengo: Sora-Urki