Pentsiodunek ere eramango dituzte aldarrikapenak M8ko manifestaziora

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 3a

Atzoko elkarretaratzean, pentsiodunen mugimenduak Martxoaren 8ra eramango dituen aldarrikapenak partekatu zituen plazan. Egun hori “borroka aktibo eta kolektiboko jardunaldi bihurtu” nahi dute, baita “omenaldi” izaera eman ere. Aldarrikapenen artean, berriz, “miseriazko pentsioak”, Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu ez izana eta genero-arrakala salatuko dituzte. Halaber, bat egingo dute domekan, Plaza Zaharretik 12:00etan abiatuko den M8ko manifestazioarekin. Pankarta propioa eramango dute.

Pentsio publiko duinen atzoko elkarretaratzean, emakumezko pentsiodunen egoera izan zuten berbagai, domeka honetan izango den Martxoaren 8aren testuinguruan. Hain justu, esan zuten pentsiodunek pankarta propioa eramango dutela domekako manifestaziora. Protesta ekitaldia 12:00etan abiatuko da, Plaza Zaharretik.

Salaketak

Atzoko elkarretaratzean esplikatu zutenez, hiru salaketa eramango dituzte:

  • “Milaka emakume pentsiodunek miseriazko pentsioak kobratzen dituztela, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) baino askoz ere txikiagoak.
  • Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu ez izana: “Eusko Legebiltzarraren ezezkoa, EAJren, PSEren eta VOXen botoen bidez, gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataraino osatzeko gure proposamenari, baita bera eztabaidatzeari ere, nahiz eta 145.000 sinadurek baino gehiagok abala eman”.
  • Genero-arrakala, “2025aren amaieran, % 28koa EAEn eta % 32koa Nafarroan”.

Aldarrikapenak

Eskaerak, berriz, honakoak egingo dituzte:

  • “1.500 euroko LGS propioa, eta gutxieneko pentsioak (bereziki emakumeek jasotzen dituztenak) LGS horren parekoak izatea, bai EAEn eta baita Nafarroan ere.
  • Zaintzak negozioa izateari utz diezaiola. Zaintza-sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa, haren garapenean, kontrolean eta ebaluazioan parte hartzen duten sektoreen parte-hartzea izango duena”.