Bihar eta etzi, Paleolitoko, Neolitoko eta Metal Aroko bizimodua gertuagotik ezagutzeko aukera izango da kulturgunean muntatzen ari diren historiaurreko museoaren bitartez. Orduko piezen erreplikak, informazio-orriak eta bestelakoak landu dituzte Soraluze BHI Institutuko DBH1eko eremu soziolinguistikoko 43 ikaslek.
Ander Galparsoro eta Idoia Ilarduia irakasleen gidaritzapean landu dute gaia. “Talde bakoitzak garai bakoitzeko tresna bana egin eta azalduko du. Erabilitako materialak anitzak dira, adibidez kartoia, makilak, plastilina, harria, tenperak, sukaldeko materialak…”, esplikatu du Ander Galparsorok.

Landuko piezak mahaietan atondu dituzte, garaika, bi egunotan izango dituzten bisitendako. Eguaztenean, LHko bi talde bertaratuko dira eta eguenean, berriz, irakasleak, gurasoak eta bestelakoak ere gonbidatu dituzte museoa bisitatzera. Interesa duen edozein herritar bertara daiteke. Ordutegia izango da 08:30etik 10:00ak bitartean.