Sake-harriaren bila

Sake-harriaren argazki bat azaldu da

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 4a

Sake-harririk ez oraingoz, baina Soraluzeko antzinako sake-harriaren argazki bat azaldu da azkenean. Txiki bada ere, hantxe, eliz ondoko porteriaren atzean ikus daiteke, Inazio Pintadok egindako marrazkiaren moduko harria. Kontrargi Argazki Kolektiboko kideek topatu dute argazkia, euren lokalean duten udaleko argazkien artxiboan. 1952koa da, ez dakite zeinena.

Argazkian ikusten den moduan, lekuz aldatuta dago sake-harria. Frontoiaren aurreko aldean beharko luke, baina han barik, eliz-ondora atzeratuta dago. Jabi Elortza Soraluzeko historialariak kontatu duen moduan, 1950eko San Jose egunean, martxoaren 19an hasi ziren lehen futbol partiduak jokatzen frontoian eta harria atzeratu egin zuten, porteriak-eta ipintzeko.

'Torneo Interdistritos'

Futbol txapelketari dagokionez, Torneo Interdistritos izena zuen. 50eko hamarkadan egin zuten. Ramiro Larrañagak Soraluzeko monografikoan kontatzen duen moduan, jokalari ez federatuei zuzendutako txapelketa zen, eta “Debarroko gazte guztien ilusioa” eskuratu zuen. Soraluzeko Frontoi Munizipala aretoko-futbol esparru bilakatu zuten txapelketa horri begira.

Cine Soraluce

Osterantzean, argazkian obra batzuk ere ikusten dira. Elortza historialariak argitu duenez, zinema berriko obrak ziren, Cine Soraluce izango zenarena, parrokiak egindakoa. Errebote-frontoia oraindik bertan zen, eta, frontoiaren alde bietan zeuden harmailak; gero, eskolak eraikitzeko, argazkian ikusgai dauden harmailak eraitsi zegin zituzten eta gaur egungoak laga.