"Goyaren mailako" grabatugile Samuilova, Oreka Art galerian, gaurtik

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 6a

Gaur, barikua, erakusketa “bikain” eta “ohikoa” inauguratuko dute Oreka Art galerian, 19:00etan. Vitalia Samuilova lituaniarrak egindako grabatuen erakusketa da, eta Alberto Ramirez galeristak eta artistak haren grabatuak Francisco de Goya artistarenaren pare jartzen ditu. 

Soraluzeko arte galeriara 35 bat grabatu ekarriko ditu Samuilovak; tartean, hamabost estanpa original dituen Encuentro seriea, guztiak ere edizio bakarretan egindakoak, 2025eko abuztuan. 

Artistak bere lana deskribatzerakoan dioenez, "bisualki eta grafikoki gorputzak elkartzea interesatzen" zaio, "keinu kolektiboak, izakien gizakiek elkarri begiratzen diote, elkar aurkitzen dute, elkarri eusten diote… Sufrimendua dago keinu horietan, noski, baina baita erresistentzia eta elkartasuna ere, hori baita garrantzitsuena. Konturatzen naiz ez zaigula ezer gertatzen indibidualki bakarrik: tragedia kolektiboak dira. Era berean, konturatzen naiz artistak ez daudela inoiz bakarrik, ezta euren emozioekin ere". 

FIGeko Open Portfolio saria 

Ramirezek kontatu du Bilboko FIG azokan deskubritu zuela Samuilova. 2024an, FIGeko Open Portfolio saria eskuratu zuen Lituaniako artistak, eta 2025eko azaroan berriro izan zen bertan, erakusketa egiten. Orain, Soraluzera etorriko da, bizileku duen Paristik. Erakusketak, berriz, ezohiko iraupena izango du, hilabete barik bi hilabetez egongo baita, apirilaren 28ra arte.