Paretaren datazioa zehazteko mostrak aztertuko dituzte

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 6a

Plaza Zaharrean, ibaira begirako harmaila berriak eraikitzeko obretan topatutako paretaren funtzioa argitzeke dago oraindik. Ibaiaren kontingentzia-hormaren arrastoa ote den, kanalizazioren bat, eraikinen baten pareta… Edozer dela ere, babestu eta zegoen moduan gordeko dute, harmailapean. Hori bai, asteon, Arkeolan enpresako aditua izan da bertan eta mostra batzuk hartu ditu, analizatu eta paretaren datazioa zehazteko.

Bizpahiru astez, geldi egon da Plaza Zaharrean ibaira begira eraikitzen ari diren harmailen obra. Pareta bat topatu zuten lurrak tapatuta, eta, protokoloari jarraiki, obrak gelditu eta Gipuzkoako Foru Aldundian eman zuten haren berri.

Babestuta egongo da

Asteon, Diputazioak bidalita, Arkeolan enpresako aditua izan da bertatik bertara pareta ikusten eta aztertzen. Hark esan zuzenez, oraingoz, ez dute nahikoa informazio pareta hura zerena zen edo zertarako eraiki zuten jakiteko. Halaber, paretaren mostra bat –ikatza- hartu zuten, analizatu eta sikiera, noizkoa den jakiteko.

Edozein modutan, udalerriaren erdigune osoa moduan, esparru hori ere babestuta dago, beraz, pareta ere babestuta geratuko da, eta, obrek aurrera egin badezakete ere -Udalak jaso du Diputazioaren ebazpena horretarako-, pareta ez dute eraitsiko eta bere horretan gordeko dute.

Paretaren funtzioari dagokionez, berriz, ibaiaren kontingentzia-hormaren zati bat dela, antzinako kanalizazioren bat, bertan zegoen eraikinen baten pareta arrastoa… Udalean ez dakite zer zen. Uste dute datazioa argitzean, noizkoa den jakinda, akaso argitu ahalko litzatekeela hori.