Zenbat kamera dituzu?
Hiru, zelaiko hiru puntutan. Mugimenduarekin jartzen dira martxan. Kamera batean ikusten dut nondik sartzen diren eta nondik irteten diren, eta beste batean, etxe aurrean dabiltzan edo ez eta etxe aurretik sartzen ote diren. Kamerak gauez martxan jartzeko programatuta daude. Egunez ere ipini daitezke, baina nire helburua da gauez grabatzea, zein animalia etortzen den ikusteko.
Eta zein animalia etortzen zaizkizu?
Azeria, basurdeak, kirikinoa, hontza ere bai, eta behin ibili zen lepazuri antzeko bat. Horiek denak grabatuta daude.
Noiz etortzen dira?
Normalean, gauez. Basurdeak egunez ere bai, eta azeria ere bai. Oiloak eraman egin zituen behin; beste behin, azeria ukuilu barrura sartu zen leihotik eta barruan agertu ziren oiloak hilda. Beste batean, San Tomas egun batean jaiki ginen eta genituen hamar antzaretatik sei-zazpi hilda zeuden. Egundoko desastrea izan zen. Gainera, antzarak ez dira txikiak, eta horrenbeste hiltzeko, batek daki zer ibili zen.
Orduan ez zenuten kamerarik?
Ez. Eta antzarak kanpoan ibiltzen ziren gauez. Gertatutakoa ikusi genuenean hasi ginen gauez barrura sartzen. Ukuiluko leihoari hesia ipini genion eta ardiak ere gauez sartu egiten ditugu; batez ere, arkumeengatik. Lehen kamerak pandemia inguruan erosi genituen, eta azkenak, orain bi urte.
Hortaz, horretarako, kamerak bai dira erabilgarriak.
Bai, jakiteko zer datorren eta horren araberako neurriak hartzeko.
Animaliak datozenean, zer egiten dute?
Lehenengo, norbera sustatu. Udan leihoa zabalik lo egitean, ahuntzen eta ardien txintxarriak entzuten ditugu, korrika doazela. Orduan, kameren irudiak ikusten ditugu eta badakigu zein animalia datorren. Behin, etxe aurrean txakurrekin izan genuen sustoa. Solte lagatzen ditugu iluntzean, apur bat ibil daitezen, eta bizpahiru aldiz pasatu zaigu basurdeak etxe aurrean ibiltzea, txakurrek haiek usaindu eta eurengana joan nahi izatea.
Eta zer egiten diete, ba, txakurrek basurdeei?
Ez dakit. Txarrena litzateke basurdeak korrika irten eta txakurrak euren atzetik joan eta gero bilatu ezinda ibiltzea.
Halako zerbait pasatu zaizue ahuntzekin, ezta?
Bai. Basurdeak alanbre-sarea jaso eta hesi azpitik sartzen dira zelaira. Eta gero, gure ahuntzak zulo horretatik joaten dira beste baserrira.
Hortaz, basurdeek kalte bikoitza.
Bai. Eurek eragindakoa eta gero ahuntzen bila joan beharra gu.
Azeriari oiloak eta antzarak. Basurdeari zer gustatzen zaio?
Hemen lore batzuk ditugu, eta haien zuztarrak jaten dituzte. Iaz, etxe azpian metro koadro inguruan hazi zen lore hori, eta, egunetan, basurdeak sartzen ziren egun bat bai eta bestea ere bai, lorearen zuztarrak jatera. Janariarengatik elkarren artean borroka ere egiten dute.
Egunero begiratzen dituzu kamerak?
Ez, ez. Normalean, basurdeak ibiltzen badira edo sumatu badut ibili direla, orduan. Azkenak hemen abenduan ibili ziren. Demaseko triskantza egin zuten. Lursail gutxi dugu, eta daukagun gutxi hori apurtzen badute… Dena den, sail bakarra jaso zuten, eta horren gaizki ere ez.
Zenbat etortzen dira?
Orain, hiru. Uste dut beti berberak direla. Iaz urtarrilean sartu ziren sei errailoi eta bi handi. Geroago ibili ziren lau, baina handiagoak, eta orain, hiru.
Animaliak gordetzeaz aparte, gauza handirik ezin duzue egin, ala?
Ez. Horren berri eman genion guardari. Hark esan zidan hurrengo sartzen denean esperak egin daitezkeela –datorrenean zaintzen egon, eskopetarekin–, edo kaiolak jarri.
Zuek bezala, beste baserri batzuek ere badituzte kamerak, ezta?
Bai. Badaude kamerak eguzki-plakekin, irudia momentuan ikustekoak, koloretan erakusten dituztenak… Gureak sinpleak dira. Gure lursailak bakarrik grabatzeko.