Eguenera arte, 17:30etik 19:30ak arte izango da Kontzejupeko mahaia jarrita, arroza eta dirua batzeko. Bestela, herritarrak ari dira ere herriko saltokietara zein ikastetxeetara arroza eramaten. Izan ere, Soraluzen, Ermuan eta Deban, arroz luzea batuko dute. Eta Debabarreneko gainerako udalerrietan bestelako elikagaiak.
Atzo, astelehena, izan zen bilketaren lehen eguna, eta, mahaia zaintzen egon ziren Udal Gobernuko zinegotziek modu positiboan baloratu zuten batutakoa. Arroz luzea ez ezik, dirua ere batu zuten, errifa salmentaren bitartez. Izan ere, Greziara kontainer bat bidaltzeko 6.000 euro inguru behar dira. Halaber, arroza emateaz gainera, dirua ematea ere eskertuko dute antolatzaileek, ez bada errifak erosiz, itsulapikora dirua sartuz.
Udalak 530 kilo
Bestalde, Soraluzeko Udalak iragarri du bere ekarpena egingo duela 530 kilo arroz luze emanez, eta soraluzetar guztiak animatu nahi ditu ekimenean beren aletxoa jartzera. Iker Uzin Ongizate Saileko zinegotziaren esanetan "errefuxiatuek duten egoera lazgarriaren aurrean, gure aletxoa jartzea ezinbestekoa da; errefuxiatuek bizi duten eguneroko egoera ikusarazi eta ekarpena eginez”.