Asteleheneko elkarretaratzean adierazi zutenez, “soldatak hobetzea” da “pentsioentzako bermerik onena”. Eta ildo horretan, uste dute “Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) handitzea ezinbestekoa” dela “langileei bizi baldintza duinak bermatzeko eta genero-arrakalarekin amaitzeko”.
Salatu zuten “finantza eta energia enpresa handiek, urtez urte, mozkin errekorrak lortzen dituztenean; enpresa ez-finantzarioen etekin garbiek soldaten igoera laukoizten dutenean, justifikaezina” dela “patronala sindikatuekin LGS lanbide arteko gutxieneko soldata negoziatzera ere ez esertzea”.
"Berme bakarra borroka"
Bi alderdi politiko egin zituzten “hilabete amaierara iritsi ezin diren milaka adineko pentsiodunen eta bizitza proiektu autonomo bat eraikitzeko inolako aukerarik ez duten milaka gazteren miseriaren erantzule”, EAJ-PNV eta PSE-EE, hain zuzen, EAEko Legebiltzarrean uko egin ziotelako pentsiodunen Herri Ekimen Legegilea zein sindikatuen LGSaren gaineko ekimena eztabaidatzeari.
Azpimarratu zuten eskaerak lortzeko “berme bakarra mobilizazioa” dela “borroka” eta hori horrela, esan zuten “ezinbestekoa” dela greba orokorra egitea, “enpresaren arpilatzearekin eta Parlamentuetan horren alde daudenen konplizitatearekin amaitzeko”.