"Goya berpiztu egin da" Vitalia Samuilovak Oreka Art galerian ikusgai jarri dituen grabatuetan

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 12a

Lana, mugimendua, indarra, ahalegina, tentsioa, itxaropena, begirada gurutzatuak… hori guztia transmititzen eta erakusten dute Vitalia Samuilova artistak Oreka Art galerian erakusgai jarri dituen grabatuetan. Barikuan inauguratu zuten ¿Quién lleva a quién? erakusketa eta apirilaren 28ra arte ikus daiteke.

Gai humanoak abiapuntu, keinu kolektiboak edo taldeak dira Vitalia Samuilovaren grabatuetako protagonistak. Zuri-beltzean egindako grabatuak dira guztiak ere, "grabatuaren eta monotipoaren" arteko piezak, erakusketaren inaugurazioan deskribatu zituzten moduan.

Goyaren pareko

Baina Vitalia Samuilovaren grabatuek erakusten dutenetik harago, haren grabatuen trazuek, obretako protagonisten keinuek, marrez eta marrez osatutako irudiek…  finean, grabatuen estiloak erakartzen du ikusleen atentzioa, bai arte jakintzan neofito direnena, baina, batez ere, artean eskarmentu luze-zabala duten horiena.

Horren harira, erakusketaren irekieran egon ziren artisten artean, Esteban Orozek, Eibarren bizi den artista nafarrak, erakusketa ikusteaz bat adierazi zuen: "Goya berpiztu egin da".  

Erakusketaren inaugurazioan izan zen ere Juan Luis Baroja Collet artista eta hark, xehetasun eta pazientzia handiz esplikatu zuen zein prozesu eta lan mota egin behar izaten den Samuilovarenak moduko grabatuak egiteko: marrazkia egin, estanpazioa landu, torkuloarekin plantxan grabatu, lorratzak tindatu, eta, nahi diren argi-ilunak marrazteko, tartalanarekin soberakinak garbitu… laburbilduz, jakintza eta ordu askoren emaitza dira Gabolatseko arte galerian ikusgai dauden artelanak.

Bi hilabetez

Barikuan inauguratu zuten ¿Quién lleva a quién? erakusketa eta apirilaren 28ra arte izango da hura ikusteko aukera. Ordutegia, astelehenetik barikura arte, 19:00etatik 20:00etara, edo, bestela, txanda nahieran hartuta: 635 70 66 90 / 943 75 21 39.