Egunotan egingo dituzte Greba Orokorrari buruzko bozketak

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 13a

Debaldeako LAB sindikatuko ordezkariek urtarrilean egin zuen grebarako deialdia. Argazkia: LAB.

Hasi dira Martxoaren 17ko Greba Orokorrerako motorrak berotzen. Asteleheneko pentsioen aldeko bilkuran “pentsiodunei eta langileei” dei egin zieten greba orokorrean “aktiboki” parte har dezaten. Bestalde, zenbait lantokitan egin dituzte bozketak edo datozen egunotan egingo dituzte. GOL lantegian eta Soraluzeko Musika Eskolan, adibidez, greba egingo dute. Halaber, Soraluzeko LAB sindikatuak prest ditu martitzenerako mobilizazioak.

LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu dute Martxoaren 17ko Greba Orokorra. Gutxieneko soldata hemen erabaki, SMI 1.500 euro leloarekin, bizi-baldintza duinak eta aberastasunaren banaketa justua aldarrikatuko dituzte. 

"Krisia zein hazkundea izan, patronalak irabaziak handitu ditu langileak pobretzearen kontura. Desberdintasun sozialak areagotu egin dira, bereziki emakume, gazte eta langile migranteen artean, eta gutxi batzuen etekinak gure lan- eta bizi-balditzen gainetik jartzen dituzte", salatu du, besteak beste, LAB sindikatuak.

Gaineratu duenez, "egoera erabaki politiko eta enpresarialen ondorio da; aberastasuna justuago banatu behar da". Soldatei dagokienez, dio "gaur egungo soldatek" ez dutela "oinarrizko gastuei aurre egiteko aukerarik ematen".

Lantoki gehienetan gaur edo astelehenean bozkatuko dute greba egin ala ez, eta, hainbat kasutan bozketa loteslea izango da, eta bestetan ez, beraz, litekeena da zenbait kasutan lantalde osoa barik, langileetako batzuek egitea greba.

GOL eta musika eskola

Soraluzeko kasuan, momentuz Soraluzeko Musika Eskolak jakinarazi du bat egiten duela grebaren aldarrikapenarekin. “Irakaslegoak bat egiten dugu gutxieneko soldata duin bat izateko eskubidearen alde. Pobretzearen eta prekarietatearen aurkako protestara batzen gara”.

Hori horrela, egun horretan ez da eskolarik egongo musika eskolan, baina eskola bera zabalik egongo da, gelak zabalik izango dira ikastera joan nahi duenarentzat, zuzendaritzako kide bat bertan egongo baita, 15:00-19:30ak bitartean.

Bestalde, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, momentuz GOL enpresan egin dute bozketa eta grebaren aldekoa izan da.

Institutua eta eskola

Beste bi ikastetxeetan, berriz, publikoak direnez, bertako langileek ez dute zertan aldez aurretik jakinarazi zer egingo duten. Edozein modutan, Plaentxi Eskolan jarraipen handia espero dute eta gutxieneko zerbitzuen jakinarazpenaren zain daude. Gero, egunean bertan egoera aztertu eta horren arabera antolatuko dira. Eta berdin egingo dute Soraluze BHI Institutuan ere.

Bestalde, greba egiteaz bat, mobilizazioak ere izango dira, herriz herri zein hiriburuetan. Soraluzeko LAB sindikatuak, esaterako, iragarri ditu antolatutakoak: 10:30ean, elkarretaratzea Plaza Barrixan; 11:00etan, autoen irteera Eibarko manifestaziora joateko; 12:30ean abiatuko da manifestazioa, Untzaga plazatik; eta 19:00etan beste manifestazio bat izango da, Plaza Barritik abiatuta.