M17 Greba Orokorra

Grebari babesa erakutsi dio pentsiodunen mugimenduak

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 16a

Biharko greba orokorrari erabateko babesa erakutsi diote pentsioen aldeko eguerdiko elkarretaratzean. Gogora ekarri dute grebaren helburu nagusia dela 1.500 euroko Gutxieneko Soldata Propioa lortzea, eta azpimarratu dute justu “soldatak hobetzea” dela “pentsioentzako bermerik onena”. Hori horrela, aditzera eman dute grebari “babes aktiboa” emango diotela, eta, bihar egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Datuen arabera, esplikatu dute “1.500 euroko gutxieneko soldata hori lortzeak 305.000 pertsonari” eragingo liekeela, “hilean kopuru horretatik beherako soldata duten pertsonei, alegia”. Xehetasunen arabera, “soldata eta lan prekarietate handiena pairatzen duten pertsonak lirateke, tartean emakumeak, migratzaileak eta gazteak”.

Perntsiodunen mugimenduaren esanetan, “hori lortzeak aurrerapen handia ekarriko lieke, batez ere, oso nagusi diren eta soldata-arrakala jasaten duten emakumeei, hain zuzen, arrakala horrek haien baldintza materialak eta sozialak oso zorrotz baldintzatzen baititu duintasun jakin batekin bizi ahal izateko”.

Biharko mobilizazioei begira, berriz, haietan parte hartzeko deia egin eta gogora ekarri dute Gipuzkoan, Donostian eta Eibarren egingo direla manifestazioak. Esan dutenez, Eibarkora Debagoieneko eta Debabarreneko pentsiodunak joango dira. Halaber, gogora ekarri dute arratsaldean ere izango direla mobilizazio gehiago, bai hiriburuetan baina baita herrietan ere.