M17 Greba Orokorra

Dendak, tabernak eta zerbitzu gehienak itxita izango dira bihar

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 16a

Biharko itxiera iragartzeko idazkia, Kooperatiban.

Bihar, Martxoak 17, Soraluzen eragin handia izango du greba orokorrak. Zerbitzu publikoei dagokienez, Udaltzaingoa izan ezik, gainerako udal zerbitzuak itxita izango dira. Ikastetxeei dagokienez, Plaentxi Eskolan ohartarazi dute grebak eragin handia izango duela eta Institutuan esan dute ezin izango direla “klaseak normaltasunez bermatu” eta musika eskolan ez dituzte klaserik emango. Dendei eta tabernei dagokienez, Bizikaleko saltoki guztiek greba egingo dute, Amparok goizez bakarrik zabalduko du eta loteriak berdin. Eta tabernei dagokienez, berriz, Batzokiak izan ezik, gainerako taberna guztiek itxi egingo dute.

Biharko egunari begira, dagoeneko lantoki ia guztietan erabaki dute zer egingo duten, eta, helarazitako datuen arabera, Soraluzen, zerbitzu, saltoki eta taberna gehienak itxita izango dira bihar.

Zerbitzu publikoak

Zerbitzu publikoei dagokienez, Udalak jakinarazi du Udala, Herritarren Arreta Zerbitzua, Liburutegia, Arane Udal Kiroldegia eta ludoteka itxita izango direla eta Udaltzaingoak gutxieneko zerbitzuak emango dituela. Mesedeetako egoitzan ere greba egitea erabaki dute.

Garraio publikoari dagokionez, gutxieneko zerbitzuak zehaztuta daude. Hemen klikatuta kontsulta daitezke.

Anbulatorioan, berriz, aste honetan egiten ari diren medikuen grebari batu behar zaio biharko greba orokorra; hala ere, bihar arte ezingo da jakin zenbatek babestu duten greba.

Ikastetxeei dagokienez, Plaentxi Eskolan ohartarazi dute grebak eragin handia izango duela eta Institutuan esan dute ezin izango direla “klaseak normaltasunez bermatu”; halaber, Institutuan jantoki zerbitzurik ez dela izango ere esan dute.

Dendei begiratua eginez, laburpena da Bizikaleko saltoki guztiak egun osoan izango direla itxita. Autoservicio Amparok goizez zabalduko du, berdin loteriak ea Eroskik esan du 09:00etan zabalduko dutela.

Eta tabernen atalean, Batzokiak jakinarazi du zabalik izango dela, baina beste taberna guztiek ez dute zabalduko.

Barrena eta enpresak

Barrena Komunikazio Taldeari dagokionez, berriz, komunikabideko langileek bat egingo dute biharko grebarekin. Horren ondorioz, Barrenak gutxieneko zerbitzuak eskaini eta bakarrik grebaren jarraipena egingo da Barrena.eus atariaren bitartez. 

Enpresei dagokienez, berriz, Debarroko ELA sindikatuak helarazitako datuak honakoak dira:

  • Garay (% 77grebaren alde)
  • Jean y Chaumont (%90 alde)
  • Cartonajes Eibar
  • Cotones Agirrezabal
  • Arcelor Bergara (%71 alde)
  • Gaiki (%75)
  • Industrias Betiko (%95)
  • Kalman (%75)
  • Sisfle (%75)
  • Createch Medical (%82)
  • AIB (85)
  • Acha Herramientas
  • Ezcurra (%75)
  • Lazpiur (%55)
  • Txintxurreta (%59)
  • Ind. Gol %52
  • SIPP
  • Zizzo (%86)
  • Manufacturas Resort
  • Fegar (% 92)
  • Gehiber (%93)
  • Elesa (%62.5)
  • Talleres de precision Gurea (%60)
  • Ikankonitrek (%87)
  • Oerlikon (%88)
  • Elay (%69)
  • Goizeko Izarra eskola 100%
  • San Miguel Arcangel
  • Elgoibarko Ikastolan
  • Elgoibarko Institutuan
  • Mecan

Eta Debaldeako LAB sindikatuak, berriz, jakinarazi du enpresa askotan asanblea informatiboak egin dituztela, eta, bihar arte ez dituztela behin betiko datuak eskuratuko. 

Hiru mobilizazio

Azkenik, mobilizazioei dagokienez, Soraluzen bi hitzordu egin ditu bertako LAB sindikatuak. 10:30ean, elkarretaratzea Plaza Barrixan; 11:00etan, autoen irteera Eibarko manifestaziora joateko; 12:30ean abiatuko da manifestazioa, Untzaga plazatik; eta 19:00etan beste manifestazio bat izango da, Plaza Barritik abiatuta.