Geldi dago erdigunea Soraluzen. Goizean dendaren bat edo beste zabalik izan den arren, -Iratxon, esaterako, prentsa saltzeko lehen orduan zabaldu dute bakarrik- 10:30erako guztiak zeuden itxita, Eroski barne. Baita Kutxabank eta Euskadiko Kutxa ere. Eta tabernak ere halaxe daude, Batzokia izan ezik, baina han ere jende gutxi ikusten da.
Ikastetxeak
Ikastetxeei dagokienez, Plaentxi Eskolatik esan dutenez, irakasleen %85 ari da greba egiten, eta, 16 ikasle bakarrik joan dira. Soraluze BHI Institututik emandako datuen arabera, berriz, irakasleen %90 ari da greba egiten, eta bakarrik 11 ikasle joan dira. Bi ikastetxeen kasuan, jantokiak itxita izango dira gaur.
Bestalde, Haurreskolan, %100ak babestu du greba eta gutxieneko zerbitzuak bakarrik ari dira eskaintzen eta Soraluzeko Musika Eskolan gaur ez da eskolarik izango eta han ere gutxienekoekin ari dira.
Zerbitzuak eta enpresak
Udal zebitzuen atalean, berriz, bakarrik Udaltzaingoan daude lanean, eta, itxita daude kiroldegia, liburutegia, ludoteka eta Gaztelekua. Osasun arloan, ostera, anbulatorioan esan dutenez, bakarrik pediatrak babestu du greba.
Osterantzean, Mendiola industrialdean, grebaren jarraipena gorabeheratsuagoa izan da, batik bat, grebaren bozketak ez direlako lotesleak izan kasu askotan, eta, horrela erabaki duten langileak gaur lanera joan dira. Hala ere, egun arrunt batean baino jardun baxuagoa ikusten da.
Azkenik, garraio publikoa ere gutxieneko zerbitzuak bakarrik eskaintzen ari da.
80 lagun pasa protestan
Bestalde, greba egiteaz bat, mobilizazioak ere badira gaur herrian zein inguruan. 10:30ean, Zubi Nagusian elkartu dira Soraluzeko LABeko Greba Batzordeak deituta. 80 bat lagunek babestuta, manifestazioa egin dute Plaza Zaharrerantz, eta, Plaza Barrixan bukatu. Lelo nagusia izan da Hemen lan egin, hemen erabaki.
Manifaren amaieran, autoetan antolatu eta zenbait herritar Eibarrera joan dira. Han, herriko bi puntutatik zutabetan abiatuko dira Untzagara, eguerdiko manifestazioarekin bat egiteko. Halaber, gogora ekarri dute 19:00etan, Soraluzen beste manifestazio bat izango dela.
1.500 euroko gutxieneko soldata
Gaurko greba orokorra ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute. Hego Euskal Herrian, gutxienez, 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzearen aukera aztertzeari bide eman nahi diote.
ELA sindikatutik azaldutakoaren arabera, hilabeteak daramatzate hori lortzeko borrokan. “Hala ere, administrazioen zein patronalen aldetik itxikeria besterik” ez du jaso. Diotenez, gaiaren inguruan eztabaidatzeari ere uko egiten diote.
Dena den, sindikatuak dei egiten die euskal alderdi politikoei aldarri hori Madrilera eraman eta haren onarpena negozia dezaten. Bestalde, gogora ekarri dute Confebask eta CEN patronalei egindako eskariak bere horretan dirauela: lanbidearteko akordioak sina ditzatela LGSa hilean 1.500 eurokoa izan dadin 2026rako. Azken batean, ELAn uste dute “soldatak igotzea ezinbesteko neurria” dela “pobrezia eta prekaritatearekin bukatzeko. Gutxieneko soldata igotzen den heinean gutxien kobratzen dutenekiko soldata arrakala murrizten delako; emakumeak, migratuak eta gazteak batez ere. Gainera, gutxieneko soldata igotzea aberastasuna hobeki banatzeko modu bat da”.
LAB sindikatuak, bide beretik, adierazi du Confebaskek eta CENek, Hego Euskal Herriko enpresarien bi elkarte nagusiek, ez dutela “inongo legezko arazorik lan-harreman guztietan eragina izango duen soldata-atalase txikiena adosteko. Ez dute nahi”. LABek salatu du “Patronalak eroso” daudela “Espainiako legezko lanbidearteko gutxieneko soldatarekin, horrek beste lurralde batzuetan baino diru gehiago irabazteko aukera ematen baitie, langileen esplotazioaren kontu, “. Halaber, gogora ekarri duenez, “gurean milaka dira 1.500 euroz azpiko soldatak dituzten langileak”, eta gaineratu du patronalek badakitela “soldata baxuenak handitzen ez badira langileei miseria ordainduta eta inbertsio handirik egin gabe irabaziak izan ditzaketela”.