Domekan, berriro ere lider dela jokatuko du Sorako lehen taldeak, etxean

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 18a

Asteburu bete-betea dute Soraluze Futbol Taldeko ekipoek datorren hau. 10 ekipotatik 9k jokatuko dute. Gaur bertan, eguaztena, 1. mailako kadeteek jokatuko dute Ezoziko Futbol Zelaian, 18:30ean. Bihar, berriz, Infantil A-k jokatuko du etxean, eta, Benjaminek, Alebinek eta Erregionalek domekan, hiru horiek ere etxean. Erregionalen kasuan, lidergoa berreskuratuta zelairatuko dira, jakitun izanda beste hiru talde gertu-gertuan dituztela sailkapen orokorrean. Bideoan, Antigua Luberriren kontra sartutako gola, Markel Gil kapitainak.

Datorren asteburu honetan askok zubia izango duten arren, Soraluze Futbol Taldeko ekipoek egutegi bete-betea dute. 10 ekipotatik bederatzik jokatuko dute, eta, horietatik bost ekipok Ezoziko Futbol zelaian.

Gaur eta bihar

Gaur, eguaztena, izango da lehen partidua. 1. Mailako Kadeteek Lazkao hartuko dute, 18:30ean hasiko den norgehiagokan. Bihar, berriz, Infantil A-k jokatuko du, 16:30ean, Ikasberriren kontra, etxean. Eta Infantil B-k Deban jokatuko du, 10:00etan.

Domekan lehen taldea

Gero, zapatuan izango dira ondorengo hitzorduak. Jubenilek eta Gorengo mailako kadeteek jokatuko dute, biek ala biek kanpoan. Eta azkenik, domekan, Sorako nagusienek eta txikienek jokatuko dute. 1. urteko Benjaminek eta 2. urteko alebinek 11:00etan dituzte partiduak, Ezoziko Futbol Zelaian. Eta nagusienek, berriz, 16:30ean dute eurena, Eibarko Urki taldearen kontrako partidua.

Sorako lehen ekipoaren kasuan, lidergoa berreskuratuta zelairatuko dira, azken partidua, Antigua Luberriren kontrakoa irabazi egin zutelako. Hiru puntu horiei esker, Sora berriro ere lehenengo jarri da.

Galdu barik

Izan ere, Igoera fasean oraindik ez dute partidu bat bera ere galdu etxeko mutilek. Hori bai, sailkapeneko lehen lau taldeak oso pareko dabiltza. 18 puntu ditu Sorak eta ondorengo hiru taldeek 17 puntu, beraz, partiduz partidu joan behar. Domekako partidua sailkapenean 15. dagoen Urkiren kontra jokatuko dute.

Jokatu eta irabazitako azken partiduari dagokionez, balorazio positiboa baina aldi berean, kritikoa egin du Iokin Arrillaga entrenatzaileak.

Positibo baina kritiko

Positiboki baloratu du hiru puntuak eskuratzea, etxetik kanpo eta oso zuzenekoa duten aurkari baten kontra irabazi egin zutelako. Eta positiboki baloratu du ere, golegilea Markel Gil izan izana; ze ebakuntza batetik bueltan zetorren Gil kapitaina, eta hala ere, “kalitatezko lehen minutuak jokatu zituen eta gainera gola sartu”, esan du Arrillagak.

Partiduaren irakurketa kritikoari dagokionez, berriz, Arrillagak adierazi du “sentsazio arraroak” izan zituela, partidu zoroa izan zelako, ez zutelako kontrolatu eta uste duelako gauzak hobetu zitezkeela. Edozein modutan, garaipen horren indarrarekin zelairatuko dira domekan.