Soraluzen euskara biziberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko AROA plana aurkeztu zuten

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 19a

Atzo, eguaztena AROA plana aurkeztu zuten, datozen 10 urteetan Soraluzeko euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko plana. Besteak beste, jakinarazi zuten herriko elkarte, eragile eta herritar askoren artean landu eta zainduko dutela berau, eta, 13 erronka eta 69 ekintza zehatz jasotzen dituela. Hori bai, gaineratu zuten 10 urterako plana izan arren, datozen bi urteotarako lehentasunak finkatu zituztela. Aurkezpenaren amaieran, Korrikaren petoak banatu zituzten.

Atzo, Korrikaren testuinguruan aurkeztu zuten Soraluzeko euskara indarberritzeko AROA plana. Ekitaldian izan ziren Udal ordezkariak, bai gobernukoak, alkatea tarteko, eta baita oposizioko EAJ-PNVkoak ere. Katamarran, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteetako ordezkariak ere izan ziren, Kukumixokoa, eta, baita Soraluze BHI eta Plaentxi Eskolako ordezkariak ere.

Iker Uzin Euskara zinegotziak hartu zuen hitza esplikatzeko, gaur hasiko den Korrika  euskaldunondako “puntx” handia den arren, hura etorri eta joan egingo dela, eta, gu gure errealitatearekin geratuko garela.

Euskara behera

Errealitate horren datuak jakinarazi zituen Arianne Unamuno Pil-pilean Euskaldunon Elkarteko koordinatzaileak. Esan zuenez, 1986tik 2021era, Euskara lehen hizkuntza modura zutenen kopurua jaitsi egin da %52tik %37,4ra. Ulermena, berriz, handitu egin da %67tik %75era baina jaitsi egin da ere euskara etxeko hizkuntza dutenen kopurua, zortzi puntu. Aldiz, beste hizkuntza batzuk, tartean, gaztelania, gorantz doaz.

Zer nahi den

Testuinguru horretan hasi ziren AROA plana lantzen, orain dela urtebete. Helburuak, edo hobeto esanda, 10 urte barru lortu nahi den emaitza honakoa da:

  • Euskararen transmisioa bermatuta egongo da.
  • Gizarte esparru guztietan euskal hiztun aktibo gehiago egongo dira.
  • Euskaratik urrun zeuden herritarrak zein gurera iristen ari diren herritarrak euskarara
  • hurbilduko dira modu naturalean.
  • Behar handienak dituzten herritarrei behar bezalako babes, laguntza eta
  • erraztasunak emateaz gain, euskara haiena ere badela sentituko dute.
  • Euskaraz bizitzeko aukerak zabalagoak izango dira; euskarak babesguneak izango
  • ditu herri osoan.
  • Euskarak eta euskal kulturak prestigio handiagoa izango dute.
  • Ingurune digitalean euskarazko edukien eskaintza eta kontsumoa hazi egingo da.
  • Euskararen ezagutza areagotuko da; ia herritar guztiek jakingo dute.

Parte-hartze handiarekin

Aurkezpen ekitaldian jakinarazi zutenez, elkarteen, eragileen eta herritarren parte-hartze handia izan dute prozesu osoan, 217 inkesta, lan-saioak, elkarrizketak… Eta lanketa horretan, besteak beste, 13 erronka eta 69 ekintza zehaztu zituzten.

Ildo horretan, Maite Quintanilla Kultura zinegotziak esan zuenez, 10 urterako plana izan arren, datozen bi urteotarako lehentasunak finkatu dituzte. Guraso elkarteetako eta herriko ikastetxeetako ordezkari Itziar Tatiegik, Cristina Cuencak, Maite Zabalak, Eider Varelak eta Cristina Laskurainek azaldu zituzten lehentasun horiek.

Bilera, hitzaldi, ekitaldi publiko eta abarretan hizkuntzen kudeaketa nola egin adostu nahi dugu, inor kanpoan utzi gabe, baina euskara beti erdigunean ipiniz. Horretarako beharrezko formakuntzak eta baliabide teknologikoak aztertuko ditugu eta ahal bezain laster praktikara eraman, elkarte eta erakundeetako estres linguistikoa arintzeko eta erakunde nahiz eragile guztiok modu bateratuan arituz herritar guztiei begira.

  • Familiekin lanketa bereziak egiten hasiko gara. Ume zein helduen euskararekiko sentsibilizazioan sakontzeko moduak bilatuko ditugu, eta euskal hiztun bezala aktibatu. Euskaraz lasai aritzeko elkarguneak sortu eta indartzeari begira ere pausuak emango ditugu. Horrez gain, behar duten haur eta nerabeei euskara errefortzuak eskeiniko dizkiegu eta gurasoentzat euskara eskolak ere bai; euskararen ezagutzan aurrerapausoak emanez.
  • Euskaraz ulertu eta hitz egiteko kolektibo ezberdinei zuzendutako baliabide sortak landu edota bilduko ditugu: merkatarientzat, zaintza arloko langileentzat, gurasoentzat eta abar.
  • Euskal hiztunak ahalduntzeko tailerrak antolatuko ditugu.
  • Haur eta gazteentzat erreferenteak izan daitezkeen herriko pertsonekin lan berezia egin nahi dugu, formazio soziolinguistikoa eskainiz eta euskararekiko lotura ikusaraziz.
  • Gazte zein helduek ahozko euskara lantzeko kultur sorkuntza erabili nahi dugu, antzerki edota ikus-entzunezko
  • Soraluzen euskararen historia eta egoera ikertzeko ekimenak sustatuko ditugu.
  • Martxan daukagu Soraluzeko euskarari buruzko ikerketa lana, eta aurten egingo da gaur eguneko kale erabilerari buruzko neurketa. Honetaz gain, haur, gazte eta gurasoen hizkuntza ohiturei buruzko azterketa ere egingo dugu.
  • Euskara eremu guztietan garrantzitsua izateko neurriak hartzea dugu helburu, eta herrian lantzen den edozein arlotan AROA planak eragina izan dezan arituko gara, kirol ekimenetan, harrera planean, hezkuntza foroan eta beste hainbatetan.

Aurkezpena amaitzean, aurtengo Korrikako petoak banatu zituzten 20tik gora eragileren artean.