M17 Greba Orokorra

LAB sindikatuak eskerrak eman dizkie Soraluzeko dendariei eta tabernariei

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 19a

Gutun bitartez, Soraluzeko LAB sindikatuak eskerrak eman dizkie herriko dendariei eta tabernariei martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik. Barruan irakurgai gutun osoa.

“Soraluzeko dendari eta tabernariengana zuzentzen gara, martxoaren 17ko greban parte hartzeagatik eskerrak emateko.

LABen badakigu garai zailak direla enpresa txikientzat eta hala ere, greba hau babestea aukeratu duzue, zeinarekin sindikatuek Euskal Herrian bizi dugun errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata lortu nahi dugun.

Konbentzituta gaude gutxieneko soldata justu batek gizarteari mesede egingo diola,  familia eta pertsona askoren bizi-baldintzak hobetuz. Uste dugu, halaber, bizi-baldintzen hobekuntza honek tokiko kontsumoa handitzea ekarriko duela, behintzat hala espero dugu.

Baina greba honetan ez dugu soilik gutxieneko soldata bat aldarrikatu, baita aberastasunaren banaketa justu bat ere, non gehiago dutenek gehiago lagunduko/ordainduko luketen, eta egoera zailean dauden enpresa txikiek irabazi handiak dituzten enpresek baino zerga gutxiago ordainduko luketen.

Aberastasunaren banaketa justu bat ezinbestekoa da denon bizi-baldintzak hobetu ahal izateko, bai langileenak bai enpresa txikienenak ere, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala hausteko eta lan-esplotazioa bere forma guztiekin amaitzeko”.