Ramadanaren amaiera ospatu du komunitate islamiarrak plazan, gutiziak partekatuz herrikideekin

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 20a

Gaur, barikua, komunitate islamiarreko kideek pozarren hasi dute Eid Al-Fitr eguna, Ramadanaren amaiera eguna. Errezoekin hasi dute goiza. Araneko frontoian elkartu dira horretarako ehunka lagun. Guztiak ere dotore-dotore jantzita, hura amaitzean, kalera irten eta Plaza Zaharra izan dute topaleku. Hara atera dituzte azken 10 egunotan prestatzen ibili diren jan-edan gozoak, elkarrekin eta herrikideekin ospatzeko musulmandarrendako handia den gaurko eguna.

300 lagun baino gehiago elkartu dira gaur goizean Araneko frontoian, Eid Al-Fitr egunaren bueltako lehen hitzorduan. Imanak gidatuta, errezoak egin dituzte 09:00etan hasita. Abdelaziz Moujane Soraluzeko Komunitate islamiarreko presidenteak esandakoaren arabera, ospakizunean izan diren gehienak soraluzetarrak dira, eta beste batzuk Eibartik eta Osintxutik etorri dira, Soraluzen familia dutenak.

Errezoak amaitzean, 09:30ak aldera kalera irten dira, eta, elkarren artean agurtu eta zoriondu ondoren, lagun arteko zein familiako argazkiak atera dituzte. Guztiak ere dotore-dotore jantzita.

Armosu ederra

Goiza borobiltzeko, Plaza Zaharrean jarri dituzte jan-edan gozoz betetako mahaiak. Emakumeek kontatu dutenez, 10 bat egun pasa dituzte gaur partekatu dituzten gutiziak prestatzen. Krepeak, eztizko Rghayef-ak, bizkotxoak, pastak, kahk-ak, mentazko tea… denetik atera eta elkarbanatu dute.

Halaber, esan dutenez, sorterriz Aljeriako, Bangladeshko, Pakistango, Afganistango, Palestinako eta Marokoko herritarrak elkartu dira gaurko ospakizunean.