Barikuan odol ateratzeak egingo dituzte

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 23a

Bi herritar odola ematen, urtarrilean.

Bariku honetan, martxoak 27, urteko bigarren odol ateratzea egingo dute Soraluzen. Itxaropena Erretiratuen Elkartean da hitzordua, 16:30etik 20:30ak bitartean. Etzi, eguaztena, hasi ahalko da txanda hartzen Gotatanta.eus webgunean. Eta bestela, barikuan bertan, telefonoz: 943 007 885. Lau odol motaren premia dago.

Euskadiko Odol Emaileen informazioaren arabera, O-, A-, B- eta AB- moten premia dago batik bat eta lehenbailehen emateko eskatu dute. Horrez gain, O+ eta A+ erreserbak ere baxu daude.

Zeinek eman dezake

Odola eman dezakete 18 eta 70 urte bitarteko bizilagunek (65 urte, lehenengo aldiz balitz), 50 kg. baino gehiago pisatzen dutenek eta osasuntsu daudenek.

Emakumeek, urtean, hiru aldiz eman dezakete odola eta gizonek lau aldiz.

Odol emate batetik bestera, gutxienez, bi hilabeteko tartea izan behar da.

Bestalde, odola eman aurretik, emaileen zein jasotzaileen segurtasuna bermatzeko, osasun elkarrizketa egiten dute, eta, emailearen tentsioa zein hemoglobina maila begiratzen dute.