'Anexos al Colon vizcaíno' liburua eskuragarri dago Iratxon martitzenera arte

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko martxoaren 23a

Lorea Elizburu iratxo goxodendako dendaria 'Anexos al Colón vizcaíno' liburua eskuetan.

Maileguan Udal Liburutegian eskura daiteke liburua; eta erosi, berriz, Iratxo gozo-dendan, martxoaren 24ra arte (martitzena).

Jesus Galarraga Malmero-k (Soraluze, 1959) –Ana Eizmendi Lazcanok (Zarautz, 1955) lagunduta– argitaratu duen Anexos al Colón vizcaíno liburuaren bertsio fisikoa eskuragarri ipini dute Soraluzen.

Liburua kontsultatu edo eskuratu nahi duenak mailegutzan hartzeko aukera du Udal Liburutegian, eta erosi nahi duenak Iratxo gozo-dendan eros dezake, martxoaren 24ra arte, "oso prezio onean", egileek ez baitute irabazi-asmorik. Eskatutako aleak iritsitakoan, eskatzaileei deitu egingo diete telefonoz, jaso ditzaten. 

Bestalde, argitaratzaileek jakinarazi dute liburua Amazonen bitartez ere eskatu ahal izango dela, baina "garraio gastuak direla-eta garestiago" izango dela bide hori. 

Ikerketa lanaren emaitza

Egileek kontrazalean laburbildu dutenez, Paco Vargasek 1936an argitaratu zuen Colón vizcaíno liburuak hipotesi "ausart bezain sutsu bat" defendatu zuen: Kristobal Kolon ez zela genevarra, euskalduna baizik, Soraluzen jaioa. Ia mendea geroago, Jesus Galarragak osatu duen liburuak iturriak ikertzeari heldu dio "begirada kritikoarekin, eta digitalizazioari eta Interneti esker eskuragarri dauden iturri historikoetan oinarrituta". Dokumentu, toponimo, testigantza eta testu originalak aztertu ditu egiaztatzeko Vargasen tesia zenbateraino den sinesgarria. Kolonen jatorria frogatzeko asmorik gabe," historia, memoria, eta pasioaren arteko bide liluragarria egitera gonbidatzen" ditu irakurleak, baita "bizitza ideia bati eskaini zion ikertzaile ahaztua berraurkitzera ere".