Atzo esplikatu zutenez, “2025ean banku handiek 34.000 milioi euroko irabaziak izan zituzten eta energia enpresek 12.405 milioi eurokoak. Bi sektoreen artean 13.300 milioi euro ordaindu behar zituzten Sozietateen Zergan, baina 2.882 milioi euro baino ez zituzten ordaindu. Dagokien Sozietateen gaineko Zergaren (SZ) nominalaren erdia ordaintzearekin bakarrik, gizarte-ezkutuak suposatzen dituen 5.000 milioi euroak bilduko lirateke”.
Bizi baldintza duinak
Halako jokabideen jakitun, eta, “baliabide nahikoak” daudela ikusita, Euskal herriko Pentsiodunen Mugimendutik exijitu zuten “aberastasuna modu orekatuan banatzeko egiturazko erabakiak hartzea, langileei bizi baldintza duinak bermatuko dizkieten Gutxieneko Pentsio eta LGS lanbide arteko gutxieneko soldata nahikoak ezartzetik hasita”.
Bestalde, M17ko greba orokorraren balorazio positiboa egin ondotik, barikuan, Espainiako Estatuko Gobernu Kontseiluak gerraren ondorioei aurre egiteko onartu dituen neurri fiskal eta ekonomikoak ere hizpide izan zituzten. Haien ondorioekiko kezka partekatu zuten. Esplikatu zutenez, “neurri batzuek pertsona ahulenen bizi-baldintzak hobetzen dituztela baloratzen” dute, baina uste dute “neurri horiek ez direla nahikoak, eta neurri fiskalekin batera doazela”, eta, “beldur” dira, “neurri horiek gaur egun energiaren eta elikagaien prezioekin espekulatzen ari direnen poltsikoak gizenduko dituztela”.