Bertako erlea babesteko 'Apis mellifera versus Vespa Velutina' proiektua abian, Plaentxi Herri Eskolan

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 24a

Plaentxi Eskolako 5. mailako ikasleak Apis mellifera versus Vespa Velutina izeneko proiektua garatzen ari dira, bertako erlea babesteko helburu duena. Junkal Ariznabarreta eta Gorane Vallejo irakasleek gidatuta, metodologia zientifikoa erabiliko dute liztor asiatikoa harrapatzeko egin eta ipini dituzten tranpen ondorioak aztertzeko.

Liztor asiatikoak zelako kaltea eragiten duen aztertzeko, haiek harrapatzeko eta bertako erlea babesteko ekimena da Apis mellifera versus Vespa Velutina izenekoa. Plaentxi Eskolako 5. mailako 41 ikasle ari dira ekimena gauzatzen azken asteotan, Junkal Ariznabarreta eta Gorane Vallejo irakasleen gidaritzapean.

Junkal Ariznabarreta irakasleak esplikatu duenez, proiektuaren bitartez, ikasleak kontzientziarazi nahi dituzte liztor asiatikoak bertako erleari eragiten dien kalteez. “Erlea polinizatzailea da, eta, gainera, eurengandik propietatako askoko produktuak jasotzen ditugu. Guk hori guztia babestu nahi dugu”.

Proiektuaren baitan, azken asteotan, liztor asiatikoak harrapatzeko tranpak prestatu dituzte ikasgeletan, Diputazioak bidalitako material espezifikoa erabilita. Gero, eskola inguruko arboletan jarri dituzte tranpak.

Intsektu txikiagoak kanpora

Tranpak bereziak dira, bakarrik liztor asiatikoak harrapatzeko pentsatutakoak. Adibidez, harri bolkanikoak dituzte botila barruetan, liztorrak erakartzeko likidoaren gainean flotatzen. Haiei esker, liztorrak baino arinagoak diren intsektuak ez dira itoko, eta, botila barrutik irteteko aukera izango dute.

Datozen egunotan, tranpak ikuskatu eta emaitzak aztertuko dituzte. “Jasotako datuak grafikaren bidez aztertuko ditugu. Adibidez, talde batek aztertuko du ea leku egokietan dauden ipinita, beste batek aztertuko du zelan eragiten duen eguraldiak liztor gutxiago edo gehiago harrapatzeko, liztor gehien erakartzeko elikagairik aproposena zein den ere aztertuko dugu… Horren guztiaren arabera, hipotesiak egingo dira, konprobatu eta ondorioak aterako dira. Metodologia zientifikoa erabiliko dugu”, azaldu du Ariznabarreta irakasleak.

Erreginak akabatzea helburu

Hark emandako xehetasunen arabera, martxoaren 9tik maiatzaren amaiera ingurura bitartean egongo dira tranpak ipinita. “Asmoa da ahalik eta erregina gehien harrapatzea. Urtero, erregina berriak habia berria hasten du, ez dituzte habiak berrerabiltzen. Orain da horretarako sasoia eta proiektuaren helburua da ahalik eta erregina gehien harrapatzea”.