Soraluzeko Euskal Aratosteak ikusgai erretratu dotore eta koloretsuetan

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 25a

Astelehenean zabaldu zutenetik, bisitari ugari ari da izaten Soraluzeko Euskal Aratosteak argazki erakusketa. Atzo, besteak beste, Plaentxi Eskolako LH3ko ikasleak izan ziren, eta, eguenera bitartean, eskolako gainerako ikaskideak joango dira bisitan, mailaka. Ione Plata Oyak, Lorea de Castro Letek, Vanesa Orozco Francok eta Bittor Murguzur Santos argazkilariek ateratako erretratuz osatuta dago. Ikus-entzunezkoa ere badu ikusgai.

Egunotan, dozenaka eta dozenaka argazki koloretsu eta alai ikusgai daude erakusketa gelan, 60, guztira. Badaude lehen planoak, taldeko argazkiak, detalleenak… guztiak ere,  joan den otsailaren 13an ospatutako Euskal Aratosteen irudi direnak.

Ikus-entzunezkoa ere badu aukeran, Egoitz Unamuno Barrenako kazetariak egindako bideo-laburpena. Eta ikusgai daude ere Euskal Aratosteetako mozorroen zenbait jantzi. 

Edozein joan daiteke erakusketa bisitatzera, martxoaren 28ra arte; barikura bitartean, 18:30etik 20:00etara dago zabalik eta zapatuan, 12:00etatik 13:30era. Horrez aparte, egunotan, goizez, bestelako bisitariak ere baditu, Plaentxi Eskolako ikasleak ari baitira bertaratzen mailaka antolatuta.

Atzo, esaterako, LH3. mailako ikasleak izan ziren bisitari. Pozik ikusi zituzten argazkiok, bereziki, eurenak eta euren lagunak, eta, bideoa ere, behin baino gehiagotan ikusi zuten.