[ISTRIPUA] Bi autok elkar jo dute Soraluze parean

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko martxoaren 28a

Gaur eguerdian, bi autok elkar jo dute GI 627 errepidean Soraluzeko Mendiola industrialdearen parean. Autoetako bat irauli egin da eta zauritu bat anbulantzian eroan dute ospitalera. Ertzaintzak eta suhiltzaileek autoak erretiratzeko lanetan dihardute. Oraindik (14:10) txandaka bideratzen ari dira zirkulazioa.

Ertzaintzak emandako informazioren arabera, 13:13an gertatu da istripua. Eibarko noranzkoan zihoazen bi autok elkarren kontra jo dute eta istripuak bi noranzkoetako zirkulazioan eragin du.

Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, Ertzaintza, anbulantziak eta suhiltzaileak. Esandakoaren arabera, momentuz, pertsona bat eraman dute anbulantzian Mendaroko ospitalera.

Osterantzean, oraindik istripuaren lekuan lanean ari dira eta bertan segituko dute harik eta garbiketa-lanak eta garabienak bukatu arte. Esan dutenez, oraindik, txandaka ematen ari dira pasoa.