“Helburua betetzeko bidean”

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 30a

Bost herritar odola ematen, barikuan.

“Urtarrilekoa bezain polita” izan zen barikuan egindako odol ateratzearen emaitza Soraluzeko Odol Emaileen Elkartetik esandakoaren arabera.  “Orduan 39 poltsa (4 berri), eta oraingo honetan 34 poltsa (4 berri)”, eraman zituztela adierazi dute. Modu positiboan baloratu dute hori, “momentuz, 200eko helburua betetzeko bidean goaz!”, esanez. Bestalde, emaileetako bat kuadrillako lagun batengatik bertaratu zen odola ematera, eta, lehen aldiz eman zuen odola.

Barikuko ateratzera joan ziren lau berri horien artean, elkartasun keinu zuzen bat izan zela  kontatu dute Soraluzeko Odol Emaileen Elkartetik. Izan ere, herrikide batek lehen aldiz eman zuen odola ikusita kuadrillako batek, minbizia duena, odola behar duela. Urtarrilean kuadrilla bereko beste bi lagun ere izan ziren odola ematen.

Oro har, Soraluzeko elkarteak esker ona eman nahi diete bertaratu ziren guztiei eta gogora ekarri dute maiatzaren 22an dela hurrengo hitzordua.

%5,20 da bakarrik odol-emaile

Bestalde, aipatutako 200eko helburuaren harira, gogoan izan horixe dela Debarroko Odol Emaileen elkarteak Soraluzeri jarri dion 2026ko erronka, aurten 200 poltsa eskuratzea.

Izan ere, eskualdeko elkartetik gogora ekarri dutenez,  bakarrik Debarroko bizilagunen %5,20 da odol-emaile.  Aldiz, odol beharra handia da, datuek erakusten duten moduan: "Lau herritarretik hiruk bizitzan noizbait odola beharko dute. Egunero dago odol beharra: minbizi-tratamenduetarako, istripuetarako, transplanteetarako… Horretarako, beharrezkoa da odol erreserbak izatea. Odola jasotzeko eskubidea denok badugu, ehuneko hori ez al genuke igo beharko denon artean?”, galdegin zuten iazko balorazioa egitean.