1.500 euroko gutxieneko soldata eta kalitatezko osasun-arreta aldarri

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 31

Atzo, astelehena, pentsioen aldeko elkarretaratzean, jakinarazi zuten EAEko Confebask eta Nafarroako CEN patronalek uko egin diotela 1.500 euroko gutxieneko soldata negoziatzeko ELA eta LAB sindikatuek egindako deialdiari. Bestalde, “Osakidetzaren narriadura larria eta programatua” salatu eta “osasuna eskubidea” dela aldarrikatzeko manifestazioak iragarri zituzten apirilaren 18rako. Datorren astelehenean, berriz, ez da elkarretaratzerik izango.

Patronalaren ukoaren aurrean, atzo adierazi zuten “beldur” direla 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa lortzeko “borroka luzea” izango dela. Hala ere, bide horretan segitzeko asmoa partekatu zuten, esanez, “ekimen eta mobilizazio berriak pentsatzen” joan beharko direla “patronalek eta gobernuek jarrera alda dezaten”.

Bestalde, osasun-arreta ere izan zuten hizpide atzokoan. Jakinarazi zutenez, “OPA Herri Plataformak osasunaren egoerari buruzko diagnostiko gogorra” egin zuen publiko, Euskal Autonomia Erkidegoan "Osakidetzaren narriadura larria eta programatua" salatuz.

Datu modura, esan zuten “Lehen Mailako Arreta eta Osasun Mentala” direla, “eremurik ahulenak, itxaron-zerrenda “onartezinak” dituztenak, familia-medikuntzarako astea gainditzen dutenak eta espezialitate batzuetan urtebete baino gehiago dutenak”.

Oraingo osasun eredua ere salatu zuten, adieraziz “osasun pribatuak errentagarria dena bereganatzen” duela, “publikoak konplexua eta garestia dena bereganatzen duen bitartean”. Eta salatu zuten “aurten 500 milioi euro baino gehiago sektore pribatura” joango direla.

Oro har, aldarrikatu zuten “osasuna ez dela negozio bat, eskubide bat” baizik, eta, horren aldeko manifestazioak iragarri zituzten apirilaren 18rako, Donostian, 17:00etan, Bulebarren; eta Gasteizen eta Bilbon, 12:00etan.