Amaia Arrietaren hitzaldia apirilaren 14an izango da, Kalebarren 8ko lokalean, 17:30etik 19:00ak bitartean. Xehetasunen arabera, bertan langai izango dituzte haurren eraso mota desberdinak -koskadak, bultzakadak, aitzumurkadak eta hitzen bidezko erasoak- zergatik ematen diren eta zer gertatzen den errepikakorra denean.
Hitzaldi horrekin emango diote hasiera aurtengo hitzaldi zikloari Soraluzeko Hezkuntza Foroko kide diren Katamarran Ume Txokoak eta Soraluzeko Haurreskolak, iaz hasitako bideari jarraituz.
Magala espazio pedagogikoa
Esplikatu dutenez, “abiapuntua kezka konpartitua izanik, seme-alabak hezteko tribua beharrezkoa dela ikusi da. Oraingoan, Magala espazio pedagogikoko kide den Amaia Arrietak emango dio hasiera, eta bigarren hizlari bezala Dona Apellaniz terapeuta sistemikoaren hitzaldia entzuteko aukera izango dugu, azken hau Haurreskolarekin elkarlanean”.
Hitzaldietarako sarrerak libreak izango dira eta ez dago aldez aurretik izena eman beharrik. Halaber, zaintza zerbitzua edo itzulpen zerbitzua eskatzeko aukera ere bada. Horretarako, mezua idatzi behar da honako helbidera: katamarranumetxokoa@gmail.com.
Katamarran Ume Txokoan izango den hurrengo hitzordua apirilaren 19an da. Gure ipuin kuttunak izenburuarekin, ipuin gogokoak elkarrekin irakurriko dituzte, 11:00etan hasita. Ekintza hori bazkideendako izango da.