Maracumbé taldeak ‘Primavera’ kanta aurkeztu du Nerea Mendia plazentziatarraren ahotsean

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko apirilaren 12a

Nazioarteko herri musikak uztartzen dituen Maracumbé taldeak Primavera izeneko kanta plazaratu du berriki sarean. Taldeko kide eta kantaria den Nerea Mendia plazentziatarrak ibilbide oparoa egiten dihardu Bartzelonan musika eta arte eszenikoen arloan.

Maracumbé musika taldea Bartzelonan elkartu diren jatorri eta ibilbide askotako hamaika musikarik osatzen dute. Taldeak munduko hainbat kulturatako musika tradizionalak uztartzen ditu eta erritmoa da haren ardatz nagusietako bat.  

Haien errepertorioa, neurri handi batean, taldekideek eurek sortutakoa da, baina inspirazio iturri nagusiak Hego Amerika eta Afrika Mendebaldeko doinuak dira, baita Euskal Herria edo Iberiar penintsulako gainerako tradizioetakoak ere.  

Testuinguru horretan kokatzen da ‘Primavera’ kanta ere, taldearen sorrerari eta ildo artistikoari lotutako pieza berria, edo ez hain berria, orain kaleratu badute ere, taldeak bere sorreran sortu zuen lehen kanta izan baitzen. Kantak taldearen izaera islatzen du: erritmo biziak, kulturen arteko hartuemana eta giro alaia.  

Kantu honekin Maracumbék bere ibilbidea sendotzen jarraitzen du, eta zuzeneko emanaldietan oinarritzen den proiektua indartzen.

Nerea Mendia soraluzetarra partaide

Nerea Mendia (Soraluze, 1985) taldeko kide aktiboetako bat da, eta hainbat rol betetzen ditu: ahotsa, zeharkako txirula eta perkusioa, besteak beste. Gainera, taldearen konposizio lanetan ere parte hartzen du.  

Soraluzeko artistak ibilbide luzea egin du arte eszenikoetan eta musikaren arloan. 2008tik Bartzelonan bizi da eta han hainbat musika eta antzerki arloko proiektutan jardun du: antzerkia, ipuin kontaketak, zinea, batukada, herri musika...