“Haien gerren kostua guk ordaintzen dugu”

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 13a

Udaberriko oporren ostean, gaur egin dute pentsio publiko duinen aldeko lehen elkarretaratzea, haserre egin ere. “Gero eta kezka handiagoarekin” elkartu dira plazan, erosteko ahalmena galdu eta “gero eta pentsiodun gehiago” hilabete amaierara iritsi ezinda dabiltzalako. “Indartsuenaren legea nagusi den nazioarteko testuinguruan, gerrak sustatzen dituztenek etekina ateratzen diete, eta lehengaien eta elikagaien prezioekin espekulatzen dute, aparteko irabaziak pilatuz. Haien gerren kostua guk ordaintzen dugu”, salatu dute.

Gaurko elkarretaratzean azpimarratu dutenez, ez dute halako etorkizunik nahi seme-alabentzat eta bilobentzat. Egoerarekiko “haserrea” adierazi nahi izan dute, “oinarrizko eskubideak ukatzen” diren bitartean, “hala nola osasunerako eskubidea, zaintzarako eskubidea, elikadura osasuntsua eta etxebizitza erosoak, beste batzuk lapurtzen diguten diruarekin gero eta aberatsago eta boteretsuago bihurtzen direlako”.

Halaber, gaineratu dute “Espainiako Gobernuak martxoaren 20ko Errege Dekretuan hartutako neurri ekonomiko eta fiskalak nabarmen gainditu” direla, “eta beherapen fiskalek enpresa energetikoek eta elikaduraren monopolioek aparteko onurak izateko baino” ez dutela balio.

Egoera horren aurrean, berretsi egin dute pentsiodunen mugimenduaren eskaera nagusia: “Aberastasuna modu ekitatiboan banatzea, langile eta pentsiodun guztiei bizi-baldintza duinak bermatuko dizkieten LGS lanbide arteko gutxieneko soldata eta Gutxieneko Pentsio nahikoak ezartzetik hasita”.

Azkenik, iragarri dute maiatzaren 7an berriro ere manifestazioa egingo dutela Gasteizen, “EAEko Gobernuari gutxieneko pentsioa LGS lanbide arteko gutxieneko soldataren %100eraino osatzea eskatzen jarraitzeko”. Esan dute “inoiz baino eskakizun beharrezkoagoa eta premiazkoagoa” dela eta “hori lortu arte mobilizatzen jarraituko” dutela.