Txurrukenen, ibaian egiten ziren jolasen antzinako argazkietan oinarritutako horma-irudia marrazten ari da Udatxo artista azkoitiarra egunotan. Barikuan hasi zen lanean, lehenago, udal brigadak prestatutako 15 metro altu den pareta txurian.
Achotegiren izena kendu
Arkaitz Arana brigadako buruak esplikatutakoaren arabera, pareta muralerako gertu lagatzeko, kendu egin dute Serafin Achotegui Urreztieta izena zeraman harrizko idazkia; zehazki, 400 kiloko hiru harri-mole kendu dituzte, burdinez paretari ondo lotuta zeudenak. Gero konpondu egin dute guztia, egin dute pareta berria, raseatu, zenefa konpondu eta txuriz margotu.
Horren ondoren hasi da lanean Udane Juaristi artista, antzinako hiruzpalau argazkitan oinarritutako murala marrazten eta margotzen. Barikuan hasi eta aste honetan bukatuko duela esan du.
Soraluzeko Udalak esplikatu duenez, “muralen helburua da herria txukundu, apaindu eta kolorez jantzi”. Gaineratu du “dinamika horren baitan” egin berri dutela, baita ere, skate-gunekoa, Jokin Oregi Sortwo artistak egin zuena. Eta lehenago Lian-ena, kiroldegiko paretean.
Auzotarrekin batera
Udatxoren muralaren kokaguneari dagokionez, berriz, esplikatu dute Txurrukeneko parkea herri sarrera izanda, hari “ikusgarritasuna eta goxotasuna” ematea dela helburua. Maite Quintanilla zinegotziak emandako xehetasunen arabera, “prozesua auzotarrekin harremanetan egin dute. Ibaiarekin lotutako argazkiak eskatu zitzaizkien eta hortik lortutako materialarekin eta Udanek berak edukitako sormenarekin osatu zen muralaren ideia. Auzotarrekin ere partekatu zen egingo den ideia”.
Artistari berari dagokionez, 2024ko irailean Oreka Art galerian egin zuen erakusketan ezagutu zuten udal ordezkariek Udane Juaristi. “Gustatu zitzaigun bere lana eta Oreka Art-ek egiten duen lan horri ere hauspoa emateko ikusi genuen modu polit bat. Obra erosketekin laguntzen eta sustatzen ibili garen moduan, obra bat edukitzea herriko pareta batean ere bada artea eta sormena bultzatzea”.