Bazkideak egiteko kanpaina abian du Soraluze Futbol Taldeak

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 14a

Soraluze Futbol Taldeak bazkide gehiago lortzeko kanpaina du abian. Ekimenaren helburua futbol kluba hobeto osatzea da. Gaur gaurkoz, 115 bazkide ditu herriko futbol taldeak, eta, batez ere, gazte jendea erakarri nahi dute kide izatera, komunitatea egiteko. Urtean, 30 euroko kuota da Sorako bazkide izatea.

"Gaur egungo bazkideen artean ez dago apenas gazterik. 30-60 urte bitarteko oso bazkide gutxi daude. Adibidez, Sorako jokalari izan diren asko ere ez dira gure bazkide, eta, dauden kide gehienak 50 urtetik gorakoak dira. Iaz hainbat bazkide berri egin ziren, ahoz ahokoari esker, eta orain, atzemate berri horrekin, kluba osatu eta bazkideen datuak eguneratu nahi ditugu, kontu korronteekin, telefonoekin eta bestelako informazioa ere batuta. Komunitatea osatu nahi dugu. Gero, helburua da bazkideekin harreman zuzenagoa lantzea; adibidez, Whatsapp taldea sortu bazkideendako, eurei zuzenean informazioa bidali…", azaldu dute Sorako zuzendaritzako ordezkariek.

Edozein izan daiteke bazkide

Sorako zuzendaritzak emandako datuen arabera, gaur-gaurkoz, 115 bazkide ditu herriko futbol taldeak; batzuk, gainera, klubaren sorreran, orain dela 50 urte bazkide egin ziren. Bazkide-sortzaileak dira, hain justu. "Askok Soralucen lan egiten zuten orduan", esan dute. Bazkide ia guztiak gizonak direla esan dute. Konparazioa egite aldera, kluba sortu zenean, orain 49 urte, 400 bazkide izan zituen.

Adierazi dutenez, futbol taldeko bazkide izateko nahikoa da izen-emate formularioa bete eta urteko kuota ordaintzea, 30 euro. Nahi duena izan daiteke bazkide, baita umeak ere, eta formularioa Ezoziko futbol zelaiko tabernan eskura daiteke edo HEMEN KLIKATUTA eskuratu. Oraingo kanpainan egiten diren bazkide berriak 2027tik aurrera izango dira klubeko kide.

Lehengo eta oraingo entrenatzaileak 

Bazkide izatearen garrantzia ere azpimarratu dute Jesus Arruabarrena Nino eta Alberto Berraondo Sorako entrenatzaile beteranoek, zein lehen taldearen oraingo entrenatzaile Iokin Arrillagak. Hirurek animatu nahi dituzte herritarrak horretara.

Zehazki, Jesus Arruabarrena Nino entrenatzaile izan zen 1980tik 1992ra; 10 urtekoekin hasieran, beste hainbat mailetan tartean, eta, 1988tik, Erregional mailakoen entrenatzaile.

Alberto Berraondo, berriz, Jubenilen (1986) eta Nesken (2008) entrenatzaile izan zen.

Eta Iokin Arrillaga da lehen taldearen gaur egungo entrenatzailea.

400 bazkiderekin hasi

Beteranoek gogoan dute Soraluze Futbol Taldea sortu zenean, 400 bazkiderekin hasi zela, taberna ere bazuela hasiera hartan eta klubaren adierazgarria ere bazela Gabonetan zozketatzen zuten otar handia, etxetresna elektriko eta guzti.

Azpimarratu dute, sasoi hartan, inportanteena izan zela futbol zelaia eraikitzea; lehen lau urteetan Mendaroko zelaia erabili behar izan zuen Sorak, baina gero, herrian futbol zelaia eraiki zutenean, gogoan dute herritar ugari igotzen zela Soraren partiduak ikustera.

Orain, aukera gehiago

Iokin Arrillagak ere nabarmendu du bazkide izatearen eta ekipoa ikustera zelaira igotzearen garrantzia, batik bat, gaur egun, lehen baino kirol aukera eta aisialdi aukera gehiago dauden honetan. “Herria bertara gerturatzea ez da erraza, gaur egun, kirol gehiago daude eta mugitzea kostatzen da. Guk asteburutan jokatzen dugu eta jendeak planak izaten ditu asteburuetan; dena den ikusten ari gara domeka arratsaldeetan jokatzen dugunean, adibidez, jende bastante igotzen dela eta hori eskertzekoa eta inportantea da, batik bat eurendako, futbolariendako ze jendea dator eurak ikustera, Sora ikustera ere bai, baina, bereziki, eurak ikustera. Hori indartu egiten da bertako jokalariak badira. Hori izan behar da oinarria, bertako jokalariak izatea, eta, horrek egingo du bazkide gehiago egitea eta jende gehiago etortzea”.

Eta hiru entrenatzaileak bat datoz adieraztean “kirolak identifikatzen” duela “asko herria eta Soraluze asko” dagoela “futbolarekin identifikatuta, kirol gehiago daude, hockeya, pilota… baina futbola izan da erregea”.