Atzo hitzaldia, domekan ipuinak Katamarran Haur Txokoaren eskutik

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 15a

Amaia Arrieta aditua hitzaldia ematen, atzo, Kalebarren 8ko lokalean. Argazkia: Katamarran.

Udaberrirako proposamenen baitan, lau ekintza antolatu dituzte Katamarran Haur Txokoan bi hilabeteotarako. Atzo, martitzena, egin zuten lehena, Eraso jokabidea Haur Hezkuntzan hitzaldia, “interesgarria oso” partaideen esanetan. Domekan, berriz, Gure Ipuin Kuttunak saioa izango dute.

Atzo emandako hitzaldia Soraluzeko Hezkuntza Foroko kide diren Katamarran Haur Txokoak eta Soraluzeko Haurreskolak antolatutako hitzaldi zikloko lehena izan zen. Magala espazio pedagogikoko kide den Amaia Arrietak izan zen hizlari eta aztergai izan zuen umeen eraso jokabidea.

Hitzaldi zikloko bigarrena, berriz, maiatzean izango da. Haurren emozioen bidelagun izeneko hitzaldia eskainiko du maiatzaren 14an Terapeuta Emozional Sistemikoa eta Adimen eta Hezkuntza Emozionaleko formatzailea den Donna Apellaniz Nieto hizlariak.

Domekan ipuinak

Bestalde, udaberrirako antolatutako ekintzen artean, domeka honetan, 11:00etan, Gure Ipuin Kuttunak saioa izango da. Partaideek etxean gogoko duten ipuina bertara eraman eta elkarrekin irakurriko dituzte.