Dotore eta eder ikusten da Soraluzeko sarrera Udane Juaristik Txurrukenen margotutako muralarekin

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 22a

Atzo, martitzena, eman zizkion azken zertzeladak Txurrukeneko muralari Udane Juaristi Ibañez artista azkoitiarrak. Arratsaldeko lehen orduan bukatu zituen lan guztiak, eta, Udatxo sinadura artistikoarekin borobildu. Kontatu duenez, gustura ibili da Soraluzen lanean, lekua polita pentsatu zaio, lasaia, eta auzotarrek transmititu diote asko gustatu zaiela egin duen murala. Antzinako argazkietan oinarritutako irudia da, auzotarrek ibaiarekin umetan edo gaztetan izan zituzten bizipenen isla. Argazki sortan ikusgai muralaren marrazketaren garapena. Barruan, berriz, irakurgai Barrena periodikorako egindako elkarrizketa. 

 

Zure lanak argazki urbanoetatik abiatzen dira; honek, aldiz, lotura handiagoa du Naturarekin.

Muntaia bat da. Ibili ditut hiru-lau argazki. Etxepekoekin bilera bat egin genuen; euren bizipenak, oroitzapenak kontatu zizkidaten, ibaiarekin lotutakoak: nola mutilek, batik bat, egiten zituzten gurpilekin txalupa moduko batzuk eta hor ibiltzen zirela, eta nola neskak ibiltzen ziren harriz harri pasatzen. Euren umetako jokoak kontatu zizkidaten, eta hori islatu nahi nuen. Niri txaluparena-eta kontatu zidaten, baina nik ez dudanez hori bizi izan, ez nuen imajinatzen, eta kostatu zen, baina garai hartako pare bat argazki lortu ziren eta haien bitartez egin nuen irudia.

Koloreak zuk ipini dizkiozu.

Bai; kolorea zuri-beltzarekin nahasten dut sarri, eta detailetxo bati beti sartzen diot fluorra; kasu honetan, arrosa potente hori. Pintura plastikoarekin eta brotxarekin egiten ari naiz.

Argazkien definizio txikiak zaildu egiten du lana, ala?

Bai, argazki zaharra izanda, ez du kalitate handirik, eta definizio txikia dauka. Dena den, nire pintura pintzelkadetan oinarritzen da, zirriborro moduko puntu bat badauka. Akaso, mantxak ikusten dira, baina urrutitik apreziatzen da osotasuna.

Zeu gustura zabiltza?

Bai, gainera, ibai ondoan, eguraldi ederrarekin ondo. Toki lasaia da. Herritik kanpora egon arren, jendea badabil begira. 15 bat metro altu da, tamaina polita. Soraluzen margotzen dudan lehen pareta da.

Euskal Herriko eta nazioarteko leku askotako paretak dituzu marraztuta; zenbat?

Ez dakit, piloa. Euskal Herrian asko ari da mugitzen muralgintza, eta horrek poza ematen du. Hainbeste pareta dago hutsik eta hainbeste artista eta hainbeste kontu kontatzeko… Nik uste dut merezi dutela halako lanek.

Artistendako beste arnasgune bat.

Noski. Gainera, horrela, artea kalean lagatzen duzu. Denontzako da. Hori ere inportantea da. Espero dut hona ere jendea etorriko dela. Herri sarreran egonda ere, bertarako egindako zerbait da, auzoarekin lotura handia dauka, eta uste dut lotura hori jendeari ailegatu egingo zaiola. 

Baduzu mural kuttunen bat?

Denak dira nire kuttunak. Oroitzapen polita daukat, adibidez, Marokoko bidaiarekin eta esperientziarekin, baina nire mural guztiak maite ditut, nire seme-alabak dira eta.

Hemendik nora zoaz?

Koadroak egiteko enkargu batzuk ditut, eta beste mural bat Iparraldean. Han ere sortzen dira gauzak. Herri txiki batera noa, Milafrangara.