Zapatuan, etxean jokatuko du Sorako nagusien taldeak, hirugarrenaren kontra

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 23a

Partidu interesgarri bezain garrantzitsua jokatuko du Sorak zapatuan Ezoziko Futbol Zelaian. Etxeko taldea lider doa sailkapenean, baina zapatuan, hiru puntura, sailkapenean hirugarren doan Hernani izango du bisitari. Asteburu honetakoa kontatuta, bost partidu falta zaizkio Sorari Igoera fasea amaitzeko, beraz, jokoan dauden puntu guztiak dira baliotsu. Zapatuan, 16:30ean hasiko da norgehiagoka.

Errege Kopako finalaren etenaldiaren ondoren, atzera ere ekingo diete futbol txapelketei asteburu honetan. Soraluze Futbol Taldeko 10 ekipoek dituzte hitzorduak, hiruk etxean eta gainerakoek kanpoan.

Hiru puntuko aldea

Etxekoen artean, Sorako lehen ekipoak zapatuan jokatuko du bere partidua, 11. jardunaldikoa. Hernaniren kontra dauka, 16:30ean. Igoera fasea bukatzeko bost jardunaldi besterik ez dira falta, eta, zapatuan, sailkapenean hirugarren doan Hernani izango du aurkari Sorak.

Etxekoak lider dira sailkapenean, 24 punturekin eta 21 puntu ditu, berriz, Hernanik. Eta 21 puntu dituzte ere sailkapeneko beste hiru ekipok. Hori horrela, falta diren bost jardunaldietako puntu guztiak dira baliotsu Iokin Arrillagaren mutilendako.

Beste bik etxean

Sorako gainerako taldeen artean, berriz, etxean jokatuko dute Infantil Ak zapatu goizean, 10:00etan, Beasainen kontra. Eta Lehen Mailako Kadeteek zapatu eguerdian, Billabonaren kontra Ezoziko Futbol Zelaian. Kanpoan jokatuko dutenen artean, zapatu goizean, Orion jokatuko dute Infantil B taldekoek, Alegian, berriz, Kadete Gorengoko taldeak, eta, Lasarten Jubenilek.

Azkenik, domekan Sorako Alebin 1 eta 2 taldeek Zumarragan jokatuko dute, Legazpin jokatuko dute Benjamin 2. urtekoek eta Eibarren Benjamin 1. urtekoek.