Berrikuntza modura dator Soraluzeko Musika Eskolak maiatzaren 4tik 9ra bitartean egingo duen Musika Astea. Neguan eskolan egindako lana udaberrian erakutsi nahi dute hura baliatuta, “musika eskolan lantzen ditugun jarduera guztien erakusleiho modura: musika ikastea, musikaz jolastea, instrumentuak jotzen ikastea, taldeetan jotzea, aisialdiaz musikarekin gozatzea, eta erakustea hori egin daitekeela adin mugarik gabe, haur txikietatik hasi eta gazte, heldu, nagusietaraino… Erakutsi musika eskolan edozeinek daukala lekua eta, musika ikasteko gogoa izanda, musika eskolan aukera zabala dagoela, norberari egokituta", esplikatu du Nagore Sanzek, Soraluzeko Musika Eskolako zuzendariak.
Helburu horrekin, denetariko ekitaldiak antolatu dituzte, umeendako zein helduendako ate irekiak, hiru ikastaro, zazpi entzunaldi eta ipuin musikatua.
Perkusio herrikoia
Ikastaroei dagokienez, Perkusio herrikoia-rekin hasiko dira. Maiatzaren 4an, astelehena, bi saio izango dira, 7-12 urtekoendako /17:00-18:30) bata eta DBH1etik gorakoendako bestea (19:00-20:30).
Aitor Aranburu perkusio-irakasleak egingo du, perkusio herrikoia instrumentuak ez diren bestelako tresnekin egiten erakusteko; kasu honetan, koilarekin. Horretarako, hainbat kantu aukeratu eta konpas desberdinak landuko dituzte.
Haurrendako propio saio bat izango da, 7-12 urtekoendako, 17:00etatik 18:30era. Helduendako, berriz, -DBH 1etik aurrera- 19:00-20:30 bitartean. Bi kasuetan, etxetik bi koilara eramatea beharrezkoa izango da.
Musescore
Maiatzaren 5ean, berriz, Musescore programaren ikastaroa emango du Domentx Uzinek; partiturak, audioak… idatzi eta sortzen laguntzen duen programa da hori. Kasu honetan, parte hartzeko beharrezkoa izango da ordenagailu eramangarria eramatea. 17:00-18:30ak arte izango da. 15 euro da prezioa eta 10 euro bazkideendako.
Sorafolk, goi mailako musikariekin
Aparteko aipamena merezi du, berriz, SoraFolk topaketak. Aurten hirugarren edizioa izango du folk musika herrikoia hari-instrumentuekin lantzea helburu duen topaketak. Biolin, biola eta biolontxelo jotzaileei zuzendutakoa da eta interesa duen edozeinek parte har dezake. Nagore Sanz musika eskolako zuzendariak esan duenez, “haurrentzat zein helduentzako ikastaroa izango da, instrumentuko maila ez da muga izango. Iada 10 pertsonek eman dute izena. Hirugarren edizioa izanda, urteroko topaketa izateko bidean ikusten dugu.”
Gaineratutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izango partiturak irakurtzen jakitea, imitazioz eta errepikapenez landuko baitaitezke kantuak.
Goi-mailako gidaritza
Goi-mailako irakasleak izango dira gidari: Quicu Puges, besteak beste, Soraluzeko Musika Eskolan biolontxelo irakasle, Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan ikasitakoa eta musikaria ere bada; John Prieto, besteak beste, Soraluzeko Musika Eskolako biolin irakaslea, biolan ere maisu, Musikenen ikasitakoa eta musikaria ere bada; eta Arkaitz Miner musikari entzutetsua, besteak beste, Alaitz eta Maider, Tapia eta Leturia, Imuntzo eta Beloki eta Hiru Truku taldeetan gitarrista eta biolin jotzaile ibilitakoa, baita Mikel Markez, Petti, Ruper Ordorika eta Berri Txarrakekin ere.
Arratsaldean, kontzertua
Topaketak bi zati izango ditu: 10:00etatik 14:00etara, musika eskolan; eta arratsaldean, 16:00etan hasi eta 18:30ean bukatuko da, musika emanaldi publikoa eginda. Bazkariari dagokionez, elkarrekin bazkaltzeko aukera izango da, Allegro elkartean.
SoraFolk topaketarako izen-ematea zabalik dago: 633250548, labur.eus/sorafolk2026 edo soraluzemusika@gmail.com –30 euro bazkari gabe, 40 euro bazkariarekin–.
Gainerako ikastaroetarako izen-ematea egiteko, berriz, 633250548 zenbakiaren bitartez egin daiteke. Edo mezua bidalita hona: soraluzemusika@gmail.com.
Zazpi entzunaldi
Bestalde, entzunaldiak ere izango dira Musika Astean, zazpi guztira. Maiatzaren 5ean, flauta, gaita eta txistu entzunaldiak izango dira Musika Eskolan, 19:00etan hasita; maiatzaren 6an, piano, biolin, gitarra, saxofoi, tronpeta, tronboi eta bonbardino entzunaldiak izango dira antzokian, 17:30ean; eta maiatzaren 8an, biolontxelo entzunaldia, hori ere eskolan.
Ate irekiak
Horrekin batera, bi ate ireki jardunaldi egingo dituzte. Bata Katamarran Haur Txokoarekin elkarlanean, Musika hezkuntza goiztiarra izenburupean, maiatzaren 7an. Katamarranen bi saio egingo dituzte, 0-1 urtekoendako bata eta 2-4 urtekoendako besta. Nagore Sanz musikariak eskainiko ditu saioak.
Eta maiatzaren 8an, berriz, +55eko herritarrei zuzendutako ate irekiak izango dira, 10:00etatik 11:00etara bitartean izango dira ate ireki horiek, musika eskolan, Domentx Uzinek gidatuta. “Musika elementu desberdinak ezagutu, entzunaldiak egin, erritmoak ikusi, instrumentuak… denetarik egingo dugu”.
Ipuin musikatua
Eta, horrez guztiaz gainera, maiatzaren 6an, Dorotea dortoka protagonista duen Anabasa Pentagramaenean izeneko ipuin musikatua taularatuko dute Herri Antzokian. Bi saio izango dira: goizean, Plaentxi Ikastetxeko ikasle-irasleei zuzendutakoa, 11:30ean; arratsaldean, 19:00etan, saio irekia izango da, eta, gurasoez eta tutoreez aparte, nahi duen edozein bertara daiteke.