Biharko bilbidearen helburuetako bat da “ibai bat ur-bide bat baino askoz gehiago" dela ikustea. "Alde batetik, ingurumenarekin, ondarearekin, hidraulikarekin eta hirigintzarekin lotutako hainbat alderdi ezagutuko dituzte, eta uraren ibilbideari lotutako elementuei eta pertzepzioei buruzko eztabaida eta esplorazio bateratua irekiko da eta besteak beste, "egoera hobetzeko edo arriskuak gutxitzeko ekintza potentzialak aztertuko dira", adituen laguntzarekin.
Olea, SAPA, Kereixeta erreka…
Hain justu, Ibaiaren Plan Estrategikoaren ardura duten eta EHUko irakasle diren Lara del Valle Andrade arkitektoak eta Aida Lopez Urbaneja ingurumenean adituak gidatuko dute ibilaldia; ezagutza tekniko handia" duten adituak, alegia. Haiekin batera, "herriko zenbait agente garrantzitsuk" ere parte hartuko dute ekimenean.
Ana Maiztegi zinegotziak esplikatu duenez, EHUko adituek, Soraluzeko Udalaren enkarguzko azterlanerako diagnosi fasean jasotako informazioaren arabera, "hiru zona bereizi dituzte, erdigunea, pasealekuak eta miradoreak edo ikusteko lekuak, eta ibilbideak, zelanbait, hiru zona horiek lotzen ditu, nahiz eta ez diren leku guztiak jasoko". Biharko ibilbidean, honako puntu hauetatik pasatuko dira: Oleako zubia –abiapuntua–, Kereixeta erreka, Atxuriko pasabidea, Zubi Nagusia, SAPA, Gabolats eta Plaza Zaharra.
Osorik edo zatika
Ekimenaren helburua, berriz, "uraren eta herritarren arteko harremanean sakontzea da, eta ibaiaren egoera hobetzeko zein arriskuak murrizteko ekintza posibleei buruz hausnartzeko aukera ematea".
Azpimarratu dutenez, "ibilaldi erraza da irisgarritasunaren aldetik, baina aberatsa ezagutuko diren lekuei dagokienez". Hori horrela, profil eta adin guztietako pertsonei zuzenduta dago, eta, berez ordu eta erdiko ibilaldia antolatu duten arren, esan dute ordutegi irekia izango duela; hau da, nahi denean bat egiteko edo ibilaldia uzteko. Hori bai, antolatzaileek amaieraraino iristea gomendatzen dute, bukaeran zerbait jateko aukera egongo baita.
Bestalde, ibilaldi didaktikoa doakoa da eta ez dago izena emateko derrigortasunik, baina izena ematea gomendatzen dute, "antolaketa errazteko".
Antolatzaileek soraluzetar oro animatzen dute ibilaldi didaktikoan parte hartzera.