Datozen bi asteotarako zirkulazio sistema berria abian

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 27a

Gaurtik, abian da maiatzaren 8ra arte indarrean izango den zirkulazio sistema berria. Nahiz eta, hori bai, asteburuan ere semaforoak martxan egon diren. Edozein modutan, gaurtik, itxita dago Oleako zubitik SAPAra trafikoa 08:00etatik 17:00ak bitartean. Ondorioz, zirkulazioa zein autobus geltokiak berrantolatu egin dituzte bi asteotarako.

Zirkulazioari dagokionez, Oleako zubitik SAPAra arteko tartea itxita dagoen bitartean, honako aldaketak izango dira:

  • Errekalde 18tik Zubi Nagusira bitarteko bizilagunek eta garajeak dituztenak Gabolatsetik edo Santa Anatik joan eta Gilatik kontrako noranzkoan sartu beharko dira. Irteera aldiz Etxaburuetatik izango da. Baltegieta 4tik 19ra arteko aparkaleku eta garajeak erabili ahal izango dituzte, bi noranzkotan, Gabolatseko zubia baliatuta.
  • Bestetik, Erregetxetik ezingo da Zubi Nagusirantz jaitsi eta Kalebarren eta Santa Ana kaleetatik irteera bakarra Etxaburuetatik izango da.

Autobus geltoki behin-behinekoak

Autobus zerbitzuari dagokionez, Maltzagarako noranzkoan doazen autobusen kasuan, Estaziñoko eta Ezozibideko geltokiak erabili beharko dira. Horretarako, saihesbidea bi noranzkoetan egokituko dute semaforoen bidez. Asteburuan ere halaxe izan da. 

Mendarorako lineako autobusa, berriz, Estaziñoko eta Ezozibideko Bergarako noranzkoko geltokietan hartu ahal izango da, ohiko Oleako zubiko geltokiaz gain.

Hainbat obra

Aldaketa horiek guztiak ezarri dira maiatzaren 8ra bitartean, barikua, Errekalde eta Baltegieta bitartean obra batzuk egiteko. Soraluzeko Udalak jakinarazi duenez, Baltegieta kalean, Lersundi jauregiaren parean, espaloiko malda zuzendu eta orekatzeko lanak egingo dira; lanok behar bezala gauzatzeko, errepidetik jardun behar da derrigor.

Horretaz gain, Errekalde 18ko eraikinaren parean uraren eta argindarraren instalakuntzak ezartzeko lanak ere egingo dira, eta bide zatia moztuta egongo da. Gila Zubitik Baltegietaruntz dauden hainbat arketa ere konponduko dituzte.