Oier Araolaza dantzariak sokadantzaren gaineko hitzaldia eskainiko du gaur Soraluzen

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko apirilaren 28a

Oier Araolaza. Argazkia: Mikel Askasibar.

Gaur, 20:00etan, Oier Araolaza dantzari eta ikerlariak 'Ez dago aurreskurik sokarik gabe' izeneko hitzaldia eskainiko du Kalebarren 8 aretoan, Urrats dantza taldeak gonbidatuta. 

"Euskal kulturako protokolo, ospakizun, omenaldi eta festa askotako ezinbesteko osagai da aurreskua, gure herriaren bereizgarritzat daukagu, eta hala ere, aurreskuaren forma eta zentzua guztiz galduta gabiltza", ohartarazi du Araolazak.

Ikerlari eibartarrak azaldu duenez, "Euskal Herri osoan bezala, Soraluzen ere aurreskua zentzuz betetako forma egokian dantzatzeko ohitura egon da luzaroan, baina gaur egun ere baztertuta daukagu jatorrizko forma hori". 

Hain zuzen, "aurreskuaren historia, jatorria, formak eta esanahiak" izango ditu gaur berbetagai Araolazak Kalebarren 8an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera  'Ez dago aurreskurik sokarik gabe' izenburupean eskainiko duen hitzaldi praktiko teorikoan.

Hitzaldia Urrats dantza taldeak antolatu du urritik martxan den plaza dantzen ikastaroaren testuinguruan eta batez ere ikastaroan parte hartzen diharduten herritarrei zuzenduta egongo bada ere, irekia izango da euskal dantzen historian interesa duen edozein herritarrentzako.  

Dantzaria eta ikerlaria

Oier Araolaza dantzaria da, Eibarko Kezka eta Donostiako Argia dantzari taldeetan aritzen da gaur egun. Dantzan elkarteko zuzendaria da. Gizarte Komunikazioan doktorea,  

Antropologia eta Informazio Zientziak ikasketak  egin ditu. Dantza eta generoa ikertu ditu besteak beste, eta hainbat artikulu  eta lan argitaratu ditu dantzaren inguruan.