GOLAK BIDEOAN

“Pozik denarekin”

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 27a

Asteburuan, 3-1 irabazi zuen Sorako lehen taldeak Hernaniren kontrako norgehiagoka, nasai irabazi ere. Gainera, hiru golak izan ziren ederrak, bata, oso gutxitan ikusten den txilena bat, Markel Gilek sartutakoa. Iokin Arrillaga entrenatzaileak esandakoaren arabera, bera dago “pozik danarekin”. Eta Igoera fasea bukatzeko falta zaizkien lau partiduei begira ere, “lasai” dago, “lau partidu eta hiru etxetik kanpo, baina lasai nago ze etxetik kanpo etxean baino emaitza hobeak dauzkagulako”. Bestalde, minutu bateko isilunea egin zuten hil berri den Juan Ignacio Alberdirengatik.

Zapatuan, futbol zelaian ikusle dezente zela irten ziren Sorako eta Hernaniko futbolariakberdegunera. Lehenengo, minutu bateko isilunea egin zuten, apirilaren 12an hil zen Juan Ignacio Alberdirengatik. Bera izan zen Sora Futbol Taldearen fundatzaileetako bat eta lehen zuzendaritzako kideetako bat.

Hiru gol lehen zatian

Partidua hasi eta laster etorri zen lehen gola. Markel Gil kapitainak sartu zuen 13. minutuan eta gainera, txilenaz, gutxitan ikusten den gola. Hortik gutxira, 20. minutuan, berriz, egin zuen Sorak bigarren gola, Oihan Larrañagak, zigi-zagaka, Hernaniko defentsa guztiak gainditu zituen, sukalderaino sartu eta bikain errematatu zuen. Eta atsedenaldira joan aurretik egin zuen Sorak hirugarrena. Hura Elgoibarko Jonperen eskutik etorri zen, Barrutiak alboko sakea arearaino bidali eta bizi-bizi errematatzera sartu zen elgoibartar fina.

Entrenatzailea pozik

Partiduari buruz balorazio positiboa egin du Iokin Arrillaga entrenatzaileak. “Ondo, batez ere ikusi nuen jokoan nondik norakoak ondo dominatzen, eta, partidua eraman zuten guri komeni zaigun egoeretara. Oso gai izan ziren interpretatzeko partiduak zer behar zuen eta horretara eraman zuten. Batez ere bat baten kontrakoa bilatu genuen, ze uste dut alderdi horretan oso lehiakorrak garela”.

Lidertza sendotuta

Igoera Fasea bukatzeko lau partidu falta zaizkio Sorari. Hiru kanpoan jokatuko ditu, bakarra etxean, maiatzaren 17ko asteburukoa, orain hirugarren dagoen Ikasberriren kontra.

Gaur gaurkoz, 27 puntu ditu Sorak 27 eta lider da sailkapenean, baina gertu ditu hurrengo taldeak, 3 puntuko aldearekin hurrengo biak. Hala ere, Arrillaga ez dago oso arduratuta, entrenatzaileak gogora ekarri duen moduan, “etxetik kanpo etxean baino emaitza hobeak dauzkagulako”. Hala ere, gaineratu du bukatzeko gutxi falta denez, ez dagoela “erlaxatzeko aukera askorik”.

Asteburu honetan, Irunen jokatuko du Sorako lehen taldeak, maiatzaren 2an, 17:00etan, Landetxaren kontra.