Atzo, Soraluzeko Plaza Barrixan egindako elkarretaratzean, “inoiz baino arrazoi gehiagorekin” aldarrikatu zuten “Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren adinako Gutxieneko Pentsioa”. Azpimarratu zuten “pentsiodunen eta langileen pobrezia areagotzen” ari dela “prezioak igotzen ari diren abiadura berean, eta Herri Ekimen Legegileari betoa jarri ziotenek hori galarazteko erabaki eraginkorrik hartu gabe jarraitzen” dutela.
Egoera “jasanezina” dela adierazi zuten eta, “amorragarria” iruditzen zaie “alderdi batzuek interes handiagoa jartzea multinazionalen irabaziak handitzeko, pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko baino”.
Osterantzean, jakinarazi zuten oraindik ez dela gauzatu 2025eko urrian eskatu zuten agerraldia, eta, esan zuten eskaera berretsi zutela joan den apirilaren 24an. Horrekin batera, adierazi zuten gutun bat eman zietela “EAJ-PNV eta PSE-EE legebiltzar-taldeei, bilera bat eskatuz eta Legebiltzarrean lege bat tramita dezaten gutxieneko pentsioaren osagarria bermatuko duena, inoiz baino beharrezkoagoa den eskaera baita”.
Atzoko elkarretaratzea bukatzeko, gogorarazi zuten maiatzaren 7an Gasteizen egingo dutela manifestazioa, eta han “haserrea adieraziko” dutela eta “lege bat exijituko” dutela “EAEko Legebiltzarrean Gutxieneko Pentsioak LGSrekin berdindu daitezen osagarria gauzatzeko”. 11:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik.