Olean hasi zen Deba ibaiarekin lotutako ibilaldi didaktikoa. 20 bat herritar elkartu zen bertan eta EHUko irakasle diren Lara del Valle Andrade arkitektoak eta Aida Lopez Urbaneja ingurumenean adituak eta egin zituzten gidari-lanak. Biak ala biak dira Soraluzeko Udalaren enkarguzko Deba Ibaiaren Plan Estrategikoaren arduradunak.
Olean, ibaiak bi zati
Lehen bisita-puntu Oleari dagokionez, puntu horretan ibaia bi zatitan banatzen da, gorantza da naturalagoa eta beherantz gizakiaren esku-hartze handiagoa dauka. Bertan, adituek azaldu zuten, besteak beste, ibaietan eta erreketan egiten diren esku-hartzeetan maila desberdinak daudela, naturari lagatzen zaion espazioaren arabera.

Halaber, esplikatu zuten ere ibaia modu integralean aztertu behar dela, ibai batean eragina dutelako bertako urek, landarediak eta mendian, basoetan zein herrietako hirigintzan egiten diren jarduerek.
EHUko bi irakasleekin batera, Baso Biziak elkarteko Antton Alberdik ere hartu zuen hitza. Basogintzarekin lotuta, hark azaldu zuen, adibidez, bertako espezieak landatuta dauden lekuetan, lurrak askoz ere hobeto barneratzen dituela euri urak, uholde-kasuetan hobeto eusten diela mendian goitik behera etortzen diren urei eta lur horiek hobeto eragozten edo txikitzen dituztela sikateak.
Kereixetan, mendiko urak
Handik, Kereixeta errekastora joan ziren segidan, aztertzeko zelan ailegatzen den errekasto hori menditik Deba ibaira. Besteak beste, esplikatu zuten ze garrantzitsua den mendiko ubideei ematen zaien tratamendua.

Adibidez, Alberdik azaldu zuen basogintza esplotaziorako matarrasa erabiltzen den ondorioetako bat dela “lau tanta” eginda, segituan datorrela ura goitik behera eta ibaia “txokolate” bihurtzen dela, arrainei kaltea eraginez brankietan pilatzen zaien sedimentuarekin. Esan zuen, baita ere, orain asko hobetu dela basogintzaren egoera. Datuak baliatuta, 1996ko herriko baso-inbentarioaren arabera, adibidez, 800 hektareatatik 700 ziren koniferak, kanpoko espezieak.
Errekaldeko zubian, Olaldearako plana
Kereixetatik Errekaldeko zubira joan zen taldea. Errekaldeko zubian Olaldeako plana izan zuten hizpide, ibaiotondoan eraiki nahi den oinezkoendako paseoa eta ibaitondoko etxe-proiektua, hain zuzen. Ariketa izan zen proiektu horrekiko norberaren iritzia partekatzea, besteak beste.

Zubi Nagusian, ohiturak
Ondoren, Zubi Nagusia izan zuten geraleku. Kontrargi Argazki Kolektiboko Mikel Valero argazkilariaren laguntzarekin, antzina, ibaiaren bueltan egiten ziren jarduerak eta ohiturak izan zituzten aztergai bertan: arrantza, ur-saltoak, bainuak, jaietako baltsa lehiaketa… Hizpide izan zen, baita ere, zelan kutsaduraren eraginez. zenbait belaunaldik, zoritxarrez, galdu egin dutela ibaiarekiko lotura, eta, hori berreskuratzeko nahia partekatu zen.

SAPAn, ondarea
Zubi Nagustik SAPAko zaharberritutako eraikinera jo zuten gero. Han, Juan Carlos Astiazaran Gure Deba Ibaia elkarteko kideak hartu zuen hitza. 50eko eta 70eko ondare industrial degradatua izan zuen berbagai berak. Oro har, azaldu zuen ondare hura degradatua izanagatik, aukera moduan ere ikus dairtekeela ematen zaion erabileraren arabera.
50eko hamarkadako ondareari buruz, gogora ekarri zuen Soraluzen, etxepeetan hutsik dauden lantegi txiki ugari daudela, eta, Astiazaranek lokal horiek berrerabiltzeko aukerak defendatu zituen. SAPA moduko eraikin handietan, berriz, bestelako esku-hartze handiagoen beharra azpimarratu zuen, batik bat, askok ez baitituzte berrerabili ahal izateko ezaugarri egokirik.
EHUko adituek, berriz, esplikatu zuten zuten zaharberritutako SAPAren eraikina dagoeneko eredu bilakatu dela, eraikinari beste erabilera bat emateaz aparte, bertan zegoen ondare industrialaren ikur izateari eutsi egin diolako.

Gabolatsen, landaredia
Azkenik, ibilbidearen amaiera partean, bi geldialdi egin zituzten. Bata, Gabolatseko zubian. Bertan, Ander Oñate Lemon lorezaintzako lorezainak azalpimarratu zuen balioan jarri beharko liratekeela ibai bazterra edo ibilgua osatzen duten landaredia eta zuhaitzak. Esan zuen adibidez, zuhaitzak katalogatuko balira, denok hobeto ezagutu eta hobeto zaintzeko aukera izango genukeela. Halaber, landare eta zuhaitz horiei tratamendu egokia emateko beharra ere partekatu zuen.

Plaza Zaharrean, konklusioak
Eta ibilbidea borobiltzeko, Plaza Zaharrean elkartu eta bertan jaso zituzten ibilaldian parte hartu zutenen azken konklusioak. Segidan, Txokoan egin zuten hamaiketakoa elkarrekin.
