Sei urtean sei itsasontziren erreplikak muntatu ditu Mikel Cruz soraluzetarrak

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 29a

Trafalgarko gerrako (1805) HMS Victory itsasontziaren erreplika ari da muntatzen Soraluzen bizi den Mikel Cruz (Ainzon, Zaragoza, 1952). Iazko udan ekin zien muntatze-lanei, eta "aurten, behintzat", ez duela bukatuko uste du. Azken horrekin, sei itsasontzi muntatuta izango ditu Cruzek. Eta behin hura bukatuta, trenen erreplikak muntatzen hasteko asmoa dauka. 

Izan ere, lan zailak hartzekoa da Cruz, eta halaxe egin du oraingoan ere. HMS Victory muntatzeko 2.500 ordu beharko direla dio haren fabrikatzaile Artesania Latina etxeak; 10.000 piezatik gora ditu, haietako mordoxka dira nano-nanoak, eta muntaketak berak ere ezohiko zailtasuna dauka, Victory gerraontziaren erreplika "arrunta" barik, erreplika anatomikoa ari baita muntatzen Cruz; hau da, itsasontzia, kanpotik ez ezik, barrutik ere zelakoa den erakusten duena.

Detaile guztiak ikusgai

Cruzek dagoeneko itxuratu du itsasontziaren kroskoa. 

Bost solairu eta estalkia ditu Victory-k. Albo batetik itxita dago eta bestetik ikus daitezke upelak, oheak, gelak eta logelak, sukaldea beheko suarekin, ur txorrota solairu batetik bestera, lasta... eta argiztapena ere bai, sasoiko kandelen argiak irudikatzen dituzten bonbillatxoekin argiztatuta dago-eta itsasontzia. "Horrek ere badu bere zailtasuna; solairuei eusten dieten bahoen gainetik argindar-hariak pasatu, itsasontziaren atzeko aldera eraman eta bertan zentralizatu dut zirkuitua. Orain, argi guztiak ditut piztuta, muntaketa amaitutakoan denak ondo funtzionatuko duela egiaztatzeko, baina solairu bakoitza modu independentean argizta daiteke. Gainera, berez, pilekin funtzionatzeko dago prestatuta, baina nire jakintza elektronikoarekin eta antzinako ordenagailu baten elikagailuarekin, pilekin barik argindarrarekin pizteko gailua egokitu diot", esplikatu du hark. 

Kroskoaren eta estalkiaren azken osagaiak muntatu ondoren ekingo dio mastak, belak eta elkarrekin lotzeko hariak muntatzeari. Horiek denak ere benetakoaren igualak izango dira, mugitzeko autonomia eta guzti. Azken batean, benetako Victory-ren erreplika-erreplika ari da muntatzen Cruz. "Fabrikatzaileak originalaren baimena behar du erreplika egiteko. Originalarekiko erreplikarik ahalik eta errealenak izan behar dute, derrigor", esplikatu du.

Trafalgar txikia lokalean

Bukatzen duenean, lokalean itsasontzien erreplikendako duen apaletan ipiniko du Victory itsasontzia. Cruzek 2024an muntatu zuen Santisima Trinidad itsasontziarekin parez pare lagako du. Hartara, Trafalgarko gerrako bi itsasontzi ez ezik, han gertatutakoaren erreplika ere izango du, Nelson almirantearen Victory itsasontzi ingelesak eraitsi baitzituen Francisco Javier de Uriarte eta Baltasar Hidalgo de Cisneros espainolek gobernatutako Santisima Trinidad itsasontziaren mastak.

Azken barkua; gero, trenak

Victory eta Santisima Trinidad itsasontziekin batera, Cruzen lokalaren apaletan beste lau itsasontzi ere badaude, muntatzeko errazenetik zailenera ordenatuta; honako hauek: bi Titanic, Spirit of Mississipi lurrunontzia eta Belem belaontzia –Frantziako itsasontzi-eskola–. 

Cruz 2022an hasi zen itsasontziak muntatzen. Orduko hartan, puzzleak zituen zaletasun. Zortzi urtez puzzle erraldoiak egin zituen; egindako txikienak 1.000 pieza zituen, eta handienak, El Járdin de las Delicias puzzleak, 9.000 pieza. "Olentzerotarako, alaba besoetako Estherrek Titanic bat oparitu zidan muntatzeko, kartoizko piezekin, eta hurrengo egunerako muntatuta nuen; etxean muntatu nuen, puzzle batetik besterako tartean, eta berdin egin nuen bigarren Titanic-ekin", kontatu du. Gero etorri ziren Belem, Santisimia Trinidad eta Spirit of Mississipi, eta orain etorriko da Victory

Horixe da muntatuko duen itsasontzien azken erreplika. "Lekua eta denbora agortzen ditut. Santisima Trinidad itsasontzia, adibidez, etxean neukan, baina lobak-eta zetozen bakoitzean mugitu egin behar nuen lekuz, horrek duen arriskuarekin. Horregatik ekarri nuen lokalera, eta leku finko batean laga. Baina hemen ere leku gutxi daukat, eta trenetara pasatuko naiz, trenak itsasontziak baino txikiagoak baitira", esplikatu du.