Segidan irakurgai landu duten kronika:
"JendartEKIN proiektuaren barruan antolatuta, Arantzadi Zientzia Elkarteko kide den Jesus Tapia arkeologoaren presentzia paregabea izan dugu gaur goizean, Tolarekua aretoan.
Estazio megalitikoa balioztatzeko antolatu diren jarduerak testuinguru, “Dolmenen ibilbideari buruzko hitzaldi interesgarri bat eskaini digu Arantzadiko arkeologoak.
Egindako aurkikuntzen garrantzia eta ezaugarriak azpimarratu ditu, duela 100 urte egindako lehen aurkikuntzatik hasi eta, batez ere, gaur egun, gero eta baliabide eraginkorragoekin, egiten ari diren azken indusketetaraino;
Izan ere, urteroko kanpainak antolatzen dituzte eta, esandakoaren arabera, beti, gauza berriak aurkitzen dira.
Hitzaldian zehar, indusketen emaitzak azalduz joan da; monumentu megalitikoak denboran eta espazioan kokatu eta, aurkitutako elementuek biztanle haien bizimoduari, errituei eta sinesmenei buruz, ematen diguten informazioaren berri eman digu. Halaber, indusketetan, materialen analisian eta monumentuen eraberritzean erabiltzen dituzten metodoen berri ere eman digu.
Azkenik, Jesus Tapia gurekin izan da Kultur guneko Erakusketa gelan zabaldu berri den “Dolmenen ibilaldiari buruzko erakusketan, azalpen gidatua eskainiz. Bertan, modu grafikoan ikusi eta ulertu ahal izan dugu hitzaldian jasotako informazio interesgarria".