Avanzaren autobus zerbitzuetan “greba mugagabea sustatuko” duela iragarri du ELAk

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 30a

Debabarreneko garraio publikoa kudeatzen duen Avanza enpresako ELA sindikatutik jakinarazi dute “ELAk greba mugagabea sustatuko” duela  orain dela sei hilabete adostutako “aurreakordioa ez delako bete”. Diotenez, “Avanzaren lan gatazkak irekita” jarraitzen du eta ez dago hitzarmenik. Ohartarazi dutenez, grebak Deba eskualdeko autobus linea guztiei eragingo lieke, eta baita beste hainbat lineari ere.

Prentsa ohar bitartez helarazitako xehetasunen arabera “Avanzaren, ELAren eta UGTren artean sinatutako aurreakordiotik sei hilabetera, orduan lan gatazkaren amaieratzat aurkeztu zena, Avanza Movilidad Gipuzkoako egoerak konpondu gabe jarraitzen du: gatazkak zabalik jarraitzen du eta hitzarmenik gabe”.

"Adostutakoa aldebakarrez" aldatu

ELA sindikatutik gaineratu dutenez, joan den apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzarekin egindako bilera berri batean “argi geratu zen enpresak ez duela inolako asmorik aurreakordioa enpresa-hitzarmenean adostutako baldintzetan berresteko. Alderantziz, bitartekaritza prozesuan adostutakoa aldebakarrez aldatzeko asmoa du”. Halaber, gogora ekarri du prozesu horretan Lan Sailburuordetzak bermatzaile gisa parte hartu zuela.

ELAren ustez, hori “negoziazio kolektiboan lortutako adostasunen urraketa larria da, bitartekaritzan sinatutako akordioa ez delako errespetatzen”. Hori horrela, ohartarazi du “ezin dela gatazka amaitutzat jo hitzartutakoa jasoko duen hitzarmenik ez dagoen bitartean”.

Egoera honen aurrean, ELAk iragarri du “2025eko uztailean planteatutako aldarrikapenetan oinarritutako greba mugagabea sustatuko duela, plantilla osoarentzat hitzarmen duina bermatzeko helburuarekin”.

Linea askotan eragina

Grebak Deba eskualdeko autobus zerbitzuko linea guztiei eragingo lieke, eta, baita, Bilbo, Donostia eta Gasteiz arteko lineei eta Loiu-Arrasate, Loiu-Donostia eta Loiu-Gasteiz lineei ere.