Arkaitz Miner: "Hari-musika beste modu batean bizitzeko aukera da SoraFolk topaketa"

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 2a

Arkaitz Miner (Errenteria, 1976) musikari entzutetsuak parte hartuko du maiatzaren 9an, Soraluzeko Musika Eskolaren eskutik egingo den SoraFolk Soka Topaketan, irakasle moduan, Quico Pugesekin eta John Prietorekin batera. Miner, besteak beste, Alaitz eta Maider, Tapia eta Leturia, Imuntzo eta Beloki eta Hiru Truku taldeetan ibilitakoda gitarrista eta biolin jotzaile, baita Mikel Markezekin, Pettirekin eta Ruper Ordorikarekin ere. 

Gaur egun, zertan diharduzu?

Orain, batez ere, Ruper Ordorikarekin nabil, harekin eman ditut urte gehien ere, eta orain, harekin eta Mikel Markezekin ere banabil. Horrez aparte, biolin irakaslea naiz Oiartzungo Herri Musika Eskolan, Soinuenean. Han erakusten dut biolina, baina Euskal Herriko musika eta dantza tradizionalaren errepertorioaren norabidean; hau da, alboka, txistua, txalaparta eta dultzaina erakusten dira, eta neuk ere erakusten dut biolina euskal dantzaren errepertorioan. Oiartzungo Herri Musika Eskola izango da Euskal Herriko leku bakarretako bat edo gutxietako bat biolina norabide horretan erakusten dena. Bestalde, gitarra eskolak ematen ditut Zarauzko Musika Eskolan.

Soraluze moduko herri txiki batendako, esango zenuke SoraFolk Soka Topaketa nahikoa ekimen esanguratsua dela?

Bai, esanguratsua da, batik bat, ni nabilen musika-esparruan halako gauza bat, halako egun-pasa bat, ez delako, normalean, egiten hemen inguruan. Beste zenbait lekutan erabiltzen da formula hori, egun-pasak egiten dira, astebeteko topaketak… baina hemen ez, eta iniziatiba hori hartzea, nire iritziz, oso deigarria da.

Hari-ikasleentzat aproposa izateaz aparte, musikarientzat ere interesgarria da topaketa, ala?

Batetik, interesgarria da tailer modura, ikasteko eta ikusteko nola jotzen dugun musikariok. Eta interesgarria da, baita ere, besterik gabe, egun-pasa bat egiteko aukera delako; elkarrekin jotzeko, eta poliki-poliki, amankomunean errepertorio bat lantzeko, interesatzen zaigun errepertorio horretan sakontzeko, eta gero, aurrerago, agian, aukera sor daiteke egingo diren beste topaketa batzuetan errepertorio hori elkarrekin gehiagotan jo eta disfrutatzeko. 

Zu zeu zelan animatu zara parte hartzera?

Ni ere banabilelako halako saltsetan. Gainera, ezagutzen dut inguru hori, eta ezagutzen ditut antolatzaileak ere; adibidez, Quicorekin [Puges] badut harremana, noizbehinka elkarrekin jotzen dugulako… Gertukoa iruditu zitzaidan hori guztia. Bestalde, Soraluzen ere ibilitakoa naiz; irakasle izan nintzen horko musika eskolan, eta gertukoa zait hor aritzea.

SoraFolki dagokionez, aurreratu al daiteke ekimenaren nondik norakoen gaineko ezer?

Nabarmenduko nuke oso esperientzia berezia izango dela egun-pasa bat egiteko eta, oro har, hari-instrumentuak jotzen dituztenentzako; batez ere, biolin-joleentzako, biola-joleentzako eta txelo-joleentzako. Bai klasiko moduan ikasten dutenentzako zein folka jotzen dutenentzako ere. Klasikoan dabiltzanen kasuan, musika beste modu batean praktikatzeko edo bizitzeko aukera izan daiteke SoraFolk, musika harremanak egiteko, beste musika errepertorio bat ezagutzeko, musika interpretatzeko eta musikarekin bizitzeko, nolabait, festa giro edo giro informalagoan.

Oro har, hari-instrumentuei dagokienez, badirudi Euskal Herrian osasuntsu dagoela egoera, ezta?

Euskal Herriari dagokionez, biolin-jole, biola-jole eta txelo-jole asko egongo dira, denak musika eskola kontserbatorioetan ikasiko dutenak. Hori mundu bat da. Herri-musika, folk-musika jotzea, berriz, poliki-poliki ari da zabaltzen, hedatzen. Harekiko interesa sortzen ari da biola, biolina eta, oro har, hari-instrumentuak jotzen dituztenen artean. Folk-musika eta herri-musika jotzen dugunok ere formazio klasikotik gatoz, eta jendeak interesa jartzen du deskubritzen duenean musika beste modu batera bizitzen dela, beste gauza batzuk gertatzen direla herri, folk zein dantza musika jotzen dugunean. Ikusten da badagoela halako esperientziak bizitzeko gogoa, eta horrek poza ematen du. 

Beste ezer gaineratu nahi baduzu…

Lehen aldia da SoraFolken egongo naizena, eta ilusio handiz joango naiz. Badakit giro polita egongo dela eta, jende berria ezagutzeaz aparte, momentu ederra pasatuko dugula elkarrekin, festa giroan. Gainera, polita izango da kalean arratsaldean biolinekin eta bestelako hari-instrumentuekin jotzea; hori ez da oso ohikoa hemen Euskal Herrian, behintzat; akaso, beste leku batzuetan gertatzen da hori, baina hemen, Euskal Herrian, ez; normalean, biolina antzokietan edo kontzertu leku itxietan erabiltzen da. Beraz, kalean eta, gainera, talde eder bat eginez, gertatzea esperientzia polita eta berezia izango da, baita entzuten duenarentzat ere.