Bihar, Marraseko alebinen azken-aurreko partiduak, etxean

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 1a

Marras Irristaketa Taldeko alebin mailako taldeak bihar, zapatua, du aurtengo denboraldiko azken-aurreko hitzordua. Gainera, etxean, Araneko frontoian, jokatuko dute Marrasekoek. Bihar, 10:00etan hasiko da alebinen liga jardunaldia, eta 13:00etarako dago aurreikusita azken partidua. 

Julian Fernandezen gidaritzapean dauden Marraseko alebinek 10:00etan jokatuko dute, Zaragozako Stadium Casablanca taldearen aurka, eta 13:00etan, berriz, Zaragoza All Stars taldearen kontra. Haiekin batera, zapatuko jarduna osatuko dute Bizkaiko Hot Shot Etxano eta Metropolitano HC taldeek. 

Zapatukoaren ondoren, berriz, 2025-2026ko denboraldiko ligako hurrengo eta azken hitzordua ekainaren 6an izango dute Marraseko hockey-jokalariek, baina oraindik ez diete zehaztu non izango den jardunaldi hori. 

"Denboraldi zoragarria"

Denboraldiaren balorazioari dagokionez, berriz, taldeko arduradunek esan dute Marraseko alebinek "denboraldi zoragarria" egin dutela. "Talde bezala jokatzen dute, eta emaitzetan islatzen da hori", gaineratu dute.